Txertoa eta prebentzioa
Ikusi ditudan bi bideoei buruz hitz egin nahi dizuet gaur.
CSICen, Espainiako ikerketa gune nagusietako batean, hiru ikerlari talde ari dira koronabirusaren kontrako txertoak garatzen eta talde haietako baten lan baldintzak zeintzuk diren azaltzen zituzten lehen bideoan: ikerlari nagusia erretiratuta dago, baina lanean jarraitzen du, eta kontratua dutenek aldi baterako kontratua baino ez dute, lan baldintza kaxkarrak eta, gainera, ikerlari nagusia “joaten denean”, ezin izango dute lan hori egiten jarraitu. Azkenik, zailtasunak dituzte ikerketarako behar duten dirua lortzeko.
Nola da hori posible? Interes ekonomiko hutsetatik begiratuta: patenterik gabe ere, Espainiar estatuak diru piloa aurreratuko luke, txerto propioa izanda, ez lituzkeelako erosi beharko kanpoko enpresa erraldoiek saldutakoak. Berriro diot nola da hori posible.
Bestalde, Eitb-n dagoen zientziaren dibulgaziorako programa bati buruz aritu nahi dut. Otsailaren amaierako asteburuan, australiar birologo batek asmatutako eredua azaldu zuten: gazta suitzarraren eredua. Eredu horrekin, koronabirusa ez kutsatzeko hartu beharreko neurriak azaltzen zituen: gero eta prebentzio neurri gehiago aplikatu, hainbat eta “zulo” gutxiago gaixotasuna gureganaino iristeko. Hemen dator interesgarriena, proposatutako prebentzio neurriak honakoak ziren: distantzia fisikoa, musukoa, eskuak garbitzea, aurpegia ez ikutzea, aireztatzea, testak eta jarraipena egitea, isolatzea, txertoak, gobernuaren mezuak eta laguntza ekonomikoak. Denak ezagunak.
Atentzio handia eman zidan ez zutela ezertxo ere esaten niretzat garrantzitsuena den neurriari buruz: inbertsio publikoak egitea bai osasun zerbitzuetan bai eta ikerketan, hezkuntzan eta kulturan.
Ikusita inbertsio publikoa ez dela kontsideratzen gobernuek hartu beharreko neurri “prenbentiboen” artean, orain uler dezakegu gure zientzilarien egoera. Alferrik lortuko dituzte nazioarteko sari garrantzitsuak gaixotasun ezagun eta hilkorren kontrako ikerketan: zailtasunak izaten jarraitzen dute haien lana garatzeko eta laborategiak mantentzeko eta, gainera, lan baldintza eskasak dituzte. Ondorioa argia da: kasurik “onenean” kanpora doaz lanera eta okerrenean bertan behera uzten dute haien lana.
Ikerlariak hezi behar dira, haien lana egiteko baliabideak eman behar zaizkie eta haien ezagutza dibulgatu eta emaitzak publikoki zabaldu behar dira gizartean. Hori da erakunde publikoen lana. Horrela lortuko genuke gizarte osasuntsu bat guztiontzat.
Jaione Agirre
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!