“Txakurtxoa badaukat…?”
Gaurkoan Josean Bueno Saez de Albenizek bete du gure iritzi tartea.
Alabatxoa aitaren eskutik zihoan kalean, nire aurretik. Eta elkarrizketa nahi gabe entzun nuen, aurreratzen nituen bitartean. Neskatoak:
– Aita, txakurtxoa badaukat, nik jaso beharko ditut gorotzak?
– Ez, lasai, neuk egingo dut hori -erantzun zuen berehala aitak, asko pentsatu gabe, seguruenik.
Aurrera nindoala zera pentsatu nuen, alaba hezteko aukera ederra galdu zuela gizonak. Neskak argi zeukan izatekotan berea zela txakurra (“txakurtxoa badaukat” esan zuen); aitak neskari bere ardura baztertzea bideratzen zuen erantzun horrekin, erraz asko gainera. Txakurra baduzu ardura bat duzula eta gauza desatseginak ere egin beharko dituzula irakaspen egokia da ume batentzat.
Lagundu nahian, seme-alabei gauzak errazegi uzten badizkiegu ez diegu benetako laguntzarik ematen. Errealitate desatseginak, egoera deserosoak eta frustrazioak eramaten ikastea beharrezkoa da, bizitzak horrelakoak ekarriko baitizkie nahitaez. Beti babestua dagoen umeak ez du ikasten bere indarrak neurtzen, ezta bere bitartekoez ekiten ere. Edozein arazo gurasoek konpontzen badiote ez du garatuko behar duen autonomia bere erabakiak eta bere bide propioa egiteko.
Frustrazioa, nahigabea eta nekea edozein gazteren edo helduren bizitzaren parte diren moduan umearen bizitzan ere egon beharko lirateke, bere neurrian, jakina. Esperientzia horiek primeran etorriko zaizkio, hain zuzen ere frustrazioa gestionatzeko, nahigabea hondatu gabe jasateko, nekeari eusteko.
Batzuetan iruditzen zait babesteko joera gehiegizkoa dagoela hainbat gurasorengan: haurraren negarra ekiditeko edozein gauza egiteko prest agertzen dira eta umearen edozein kontu bereganatzen dute berehala. Honetaz jardun nuen aurreko batean ama gazte batekin. Berak esaten zidan ez nuela ulertzen, asko-asko maite zuela semetxoa. Nik ere semeak ditut, badakit zer den maitasun hori. Eta seguruenik nik neuk, inoiz, behar baino gehiago babestu ditut nireak. Baina badakit kontua ez dela asko, gutxi ala gehiegi maitatzea, baizik eta nola maitatzea.
Hemen entzungai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!