Selektibitateak diskriminatzen du
Askotan entzun izan dugu selektibitatea diskriminatzailea dela. Horrela dio Espainiako eskumak eta, behingoagatik, arrazoia dauka… oker egon arren. Selektibitatea, Ebau, Usap… gura duzun moduan deitu; unibertsitatean ikasi aurretik egin beharreko azterketa multzo horrek diskriminatu egiten du. Ez autonomia erkidegoetako emaitzen konparazioan, sareen arteko emaitzetan baizik.
Selektibitateak diskriminatu egiten ditu hezkuntza publikoko ikasleak. Eta hori ez diot nik bakarrik: Nafarroako Arartekoak frogatutzat jo du ikastetxe pribatuek puztu egiten dituztela batxilergoko notak. Gogoratu: kontzertatu guztiak pribatuak dira.
Arartekoak neurriak hartzeko eskatu zion Nafarroako Gobernuari (badakikzue, PSN, Geroa Bai, Ezkerra, gehi EHBilduren ezinbesteko babesa). Nafarroako Gobernuak, baina, ez du ezertxo ere egin, eta alderdi politikoek ez diote ezer exijitu.
Larria da ikastetxe kontzertatuek batxilergoko notak puztea, batxilergoko espedienteak % 60 balio duelako selektibitatearen azken emaitzan. Notak puztuta, beraz, erraztu egiten dute beren ikasleek batez besteko nota altuagoa izatea. Erraztu egiten dute beren ikasleek sarbide-nota altuak dituzten karreretan plaza bat lortzea. Eta ondorioz, zaildu egiten diete sarbide hori hezkuntza publikoko ikasleei. Gogoratu: selektibitatetik ateratzen den notak unibertsitate publikoan ikasteko baino ez du eragina. Unibertsitate pribatuetan ikasteko bahea inoiz ez da nota, dirua baizik.
Nik dakidala, inork ez du ikerketa sinple-sinple bat egin: konprobatu, EHUn eta NUPen sarbide-nota altuena duten karreretako ikasleen artean zenbatek ikasi duen batxilergo pribatuan, eta zenbatek publikoan. EAEn, ikasleen % 52k egiten du batxilergoa pribatuan, 48k publikoan. Nafarroan, % 60k publikoan eta 40k pribatuan. Seguru nago sarbide-nota altuena duten karreretan ehuneko horiek ez direla betetzen, pribatuko ikasleen kopurua beharko lukeena baino altuagoa delako.
Hau da: unibertsitate publikora sartzeko sistemak kaltetu egiten ditu hezkuntza publikoko ikasleak, eta hezkuntza pribatu kontzertatutakoak saritu. Eskandalua da, baina hezkuntza pribatu kontzertatua babesten duten alderdi politikoek (EAJ, EHBildu, PSE, PP, Vox) ez dute diskriminazio horren kontra ezer egingo.
Mikel Basabe
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!