“Segregazioa, gure apustua?” -Josean Bueno-
SEGREGAZIOA DA GURE APUSTUA?
Olof Palme sozialdemokrata suediar bat zen, inola ere ez ezkerreko politiko iraultzaile bat;
bada, horrek, Olof Palmek, esaten zuen oso garrantzitsua zela zerbitzu publiko bakarra egotea:
honela jende boteretsuak –erabaki politikoak hartzen direnean esku sartzea duenak- kezka
izango duelako zerbitzu publiko on-onak egon daitezen, beraientzat ere baitira, eta honela
guztiontzako onurak datoz. Dakigunez, hori ez da gertatzen hezkuntzan, zerbitzu publiko
bakarra baino publiko-pribatu dikotomia baitago. Ez zait gustatzen, normalean,
sozialdemokrata bati arrazoia ematea. Baina kasu honetan onartu behar dut arrazoia bazuela.
Aste honetan Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dira Lege baterako Herri Ekimenaren
sinadurak. Lege bat proposatzen da, eskola segregazioari aurre egiteko neurri zehatz
eraginkorrak ezartzeko helburuarekin. Azken uneko ustekaberik ezean, EAJk eta PSEk atzera
botako dute proposamena eta ez da gauzatuko eztabaida Legebiltzarrean. Esan behar dut
partidu politiko hauek koherentzia osoz joko dutela hau egiten badute. Izan ere, azken
urteotan batak zein besteak eskutan izan dute segregazioari aurre egiteko lege proposamen
horretan jasotzen diren neurriak ezartzea. Eta ez dute egin. Zergatik egin behar diote orain
kasu lege proposamen honi?
Segregazioaren arazoa bazegoen duela urte batzuk PSEk (Celaá anderea buru) Hezkuntza
Sailaren ardura hartu zuenean; eta ez zuen ezer egin. Hezkuntza Saila utzi zuenean arazoa gero
eta larriagoa zen, eta irakaskuntza publikoa, murrizketa latzak ezarrita, gero eta ahulago. EAJk
(Uriarte anderearekin) gestio horren jarraipena egin du eta segregazioak bere bidea egin du,
arazoa zabaltzen eta areagotzen. Errealitate jasanezina bilakatu da hainbat lekutan, Gasteizen,
adibidez.
Ikasleei eta familiei (batzuei eta besteei) ukatzen ari zaie elkarrekin normaltasunean hezteko
eta bizitzeko aukera: jatorriaren eta klase sozialaren arabera gero eta banaketa handiagoa
dago gure hezkuntza sisteman. Gizartean gertatzen ari denaren polarizazio prozesuaren isla da.
Gaurko eskola-segregazioak geroan ondoriorik izango ez duela pentsatzea inozokeria galanta
da; eta gauzak dauden bezala uztea injustua, itsusia eta baztertzailea izateaz gain,
arduragabekeria ere bada.
Urteetan eskola-segregazioaren inguruko eztabaida serioa ez du nahi izan Eusko Jaurlaritzak.
Ezta Gasteizko Udalak inplikatutako sektore guztien adostasunarekin proposamen zehatzak
egin zizkionean ere. Koherenteak dira oso: orain ere ez dute honelako lege proposamenik
eztabaidatu nahi. Hezkuntza lege berria egin nahi dutela diote. Kezkatzeko beste motibo bat.
Josean Bueno Saez de Albeniz
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!