Que pasa? Te molesta que te hable en castellano?
Astelehen honetan merkadonara joan nintzen bazkaltzeko zeozeren bila: bularki batzuk, ogia… ohiko jarduna. Hortan nenbilen Etxebizitza Sindikatuko kide batek lagunduta, lasai, solasean, eta bat-batean, guztiz deskolokaturik geratu nintzen zerekin eta kutxazainaren erantzunarekin.
-Quieres una bolsa?
-Ez eskerrik asko.
-En castellano-tonua ez zen batere lagunkoia.
-Txartelarekin-esan nion txartela erakutsiz.
-Que no te entiendo-nazkatzen hasi nintzen.
-Con txartela.
-Con tarjeta? Que pasa? Te molesta que te hable en castellano?
Flipatzen geratu nintzen. Amorrua barnetik kolpeka zetorren tipa horri egunekoak botatzeko asmotan, baina poltsikoak beteta nituela gogoratu nuen eta bere horretan utzi nuen, badaezpada. Hori bai, egun osoan zehar eraman nuen arrastaka gorputz txarra, gaiari bueltaka eta bueltaka.
Badakit iritzi tarteetan ohikoa den gai bati heltzen ari diodala, bai eta halabediko uhinetan berria ez den gai bat dela ere, baina ordea, Mugimendu Sozialistatik euskararen egoerarekiko ditugun hipotesiak sozializatzeko aukera gisa erabili nahi nuke aitzakia, jakitun, irrati honen entzuleei begiratuz, euskararekiko kezka duen perfila egon badagoela, eta beraz, gai honekiko gure ikuspuntua txertatzeko baliatuko dut.
Izan ere hizpide dudan istorioa eguneroko ogi izan ohi da euskara ahotan daraman edozein gasteiztarrentzat, eta honelakoek sorrarazten dituen sentimenduak konpartituak dira. Baina sentsazio horietatik harago, hizkuntzen bilakaeran dauden kausak aztertzea ezinbesteko auzia dugu, batik bat euskeraren osasuna gero eta okerragoa den abagune honetan.
Klase sozialen eta hizkuntzen arteko harremana inork ez du ukatzen. Harreman hori ordea historikoa da, hau da, ez da betierekoa, baldintza historikoekin batera moldatuz doa. Egungo errealitateari erreparatuta euskara klase ertainean gotorturik dagoela baiezta dezakegu, batik bat euskararen erabilerari dagokionean. Esaterako, elebidunak elebakarrak baino gehiago diren udalerriak oro har errenta altuagokoak direla ikus dezakegu datuetan.
Euskara klase ertainean gotorturik egoteak suposatzen du hizkuntza funtzionala dela klase ertainarentzat, hein batean behintzat. Hau da: euskara integrazio sozialerako bitarteko efektiboa da klase ertainaren estratu batzuetan. Ordea, gaur egun Europa gainbeheran dago, ongizate estatuen eredua agortu da, eta honekin batera proletarizazio prozesu bat bizitzen ari gara Euskal Herrian, hau da, klase ertaina proletarizatzen ari da. Klase ertaina beraz desegiten ari da, eta horrekin batera, euskararen gotorlekua.
Euskarak, biziraungo badu, integrazio sozialerako tresna gisa balio beharko du, eta aurretik esandakotik eratortzen da euskarak gero eta balio gutxiago duela integrazio horretan. Orain artekoari erantzuteko zera planteatuko du nonork: erantzuna klase ertaina indartzea da. Ordea, ongizate estatua sostengatzen zuten baldintzak agortuta daude, eta beraz, aterabide erreakzionario hori bideraezina da. Burgesiaren ofentsiba testuinguru honetan iraultza sozialista da datorkigun eredu berriaren aurrean alternatiba bakarra. Beraz, euskararen biziraupenerako bide bakarra prozesu iraultzaile baten baitan sektore proletarizatuak integratu ahalko dituen hizkuntza bilakatzea da. Hau da, harreman sozial kapitalistak gaindituko dituen proiektu emantzipatzaile baten bitarteko integratzaile bilakatzea.
Gaurkoan esposatu ditudan hipotesiak abenduko artekako Aitor Bizkarraren artikulutik ateratako ideiak besterik ez dira izan. Nonork ideiotan sakondu nahiko balu gedar.eus atarian topatu ahalko ditu. Hemen behean uzten dut link-a.
https://gedar.eus/kolaborazioak/%C2%ABdanok-ikusten-degu-euskera-galdu-da%C2%BB/
Xabi Losada
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!