Polizia ereduaren erreforma? Ez eskerrik asko!
Bete berri dugun pandemia-urtean zehar, gure kaleetan poliziaren presentzia izugarri handitu dela ikusi ahal izan dugu, bai eta pairatu ere. Ertzaintza eta Udaltzaingoa leku guztietan daude. Edonora begiratzen duzun edota edonondik paseatzen zaren hor daude Ertzaintza edo Udaltzaingoa, edo biak batera. Eta, jakina, haien esku-hartzeak ere ugaritu egin dira*, kasu askotan harrokeriaz, bere autoritatea modu bortitz edo oldarkorrean erabiliz, egoerak benetan eskatzen duenarekiko neurriz kanpo.
Egoera honen aurrean, berria ez izan arren, bai agian kasuen kopuruari dagokionez, berpiztu da polizia-ereduaren erreformari buruzko eztabaida. Noizean behin sortzen den gaia, ez hemen bakarrik, baita gure mundu globalizatu honetako beste leku askotan ere. Bere gaurkotasuna dela eta AEBko adibidea aipa dezakegu; izan ere, George Floyd herritarra hil zuen polizia-agentearen aurkako epaiketaren ondorioz, Joe Biden presidente berriak berak, batere ezkertiar ez den pertsona batek, bere gobernuak polizia-aparatuaren erreforman lehenbailehen lan egiteko konpromisoa hartu duela ziurtatu izan du.
Baina berpiztu den eztabaida honetan ahaztu egiten zaigu egin diren erreforma-saio desberdinek porrot egin dutela. Erreforma horietan hainbat gai jorratu dira: “aniztasunarekiko irekitasuna”, “kontuak ematea”, “uniformeetan kamerak instalatzea”… eta hainbat kontzeptu sartu dira: “prebentzioa”, “modernizazioa”, “profesionalizazioa”, “aniztasuna”, “hurbiltasuna”… arrazakeria “kasuak” direla eta galdutako zilegitasuna berreskuratzea eta poliziaren gehiegikeriak saihestea bilatzen dutenak.
Ahaztu egiten zaigu, halaber, Polizia modernoa inoiz aldatu ez den agindu batekin sortu zela: kontrol koloniala eta klase-kontrola. Polizia, berez, nahiko gorputz autonomoa da Estatuaren barruan (eta zenbat eta botere handiagoa izan, orduan eta autonomoago), eta haren funtzioa ordena kapitalista desorekatua mantentzea dela.
Polizia-erreformek benetan lortzen dutena polizia-erakundeak berak aurrekontuetan, eskuduntzean, ekipamenduan, esku hartzeko espazioetan eta roletan duen boterea handitzea da.
Horregatik, nire ustez, berpiztu den eztabaida ez dago ondo bideratuta; polizia-ereduaren erreformaz aritzen bagara, zeharka bada ere, onartzen dugu ezinbestean polizia behar dela. Eta azken puntu honetan datza, nire ustez, benetako eztabaidaren muina: ea polizia beharrezkoa den.
Badaude beste aukera batzuk segurtasunari heltzeko. Baina ez polizia guztiek oinarri duten herritarren segurtasuna abiapuntu hartuta, baizik eta giza-segurtasunean oinarrituta (eta horren barruan osasun integrala; naturarekiko errespetua eta kontserbazioa; bizitza duinerako oinarrizko baliabideak; sexuagatiko, arrazagatiko, ideologiagatiko edo sinesmenagatiko diskriminaziorik eza…). Inspirazio interesgarri bat mugimendu autonomo indigenetatik datorkigu: Guerreron edo Michoacanen justizia komunitarioko erakunde tradizionalak berrasmatu eta egungo gatazka-testuinguruetara egokitzen ari dira. Beste komunitate batzuek justizia eraldatzailerako eta segurtasunaren eta gatazken autogestiorako proposamenak eraikitzen dituzte, prebentzio, kudeaketa eta erreparazioko estrategia eta protokoloen bidez… Horiek bai, horiek dira poliziaren abolizioaren aldeko apustua indartzeko premiaz jorratu beharreko ikaskuntzak eta eztabaidak.
Mikel Lacalle (ZAPateneo)
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!