Pentsioetako genero arrakala amaitu
Pentsiodunok bat gatoz pentsio-sistema publiko jasangarri eta duin baten alde borrokatzeko beharrarekin. Horregatik, gure aldarrikapen nagusietako bat pentsioetako genero-arrakalarekin amaitzea da.
Emakumeen batez besteko soldata gizonena baino % 28,6 baxuagoa da eta, horrez gain, gizonek baino lanaldi partzial eta kontratu prekarioagoak dituzte. Soldata-arrakala larriagotu egiten da amatasunarekin eta gaixoei eta adinekoei arreta ematearekin; zaintza horiek, batez ere, emakumeok betetzen ditugu, doan. Horregatik guztiagatik, emakumeok gizonek baino pentsio baxuagoak ditugu. Otsailaren 4an beste amatasun-osagarri bat sartu zen indarrean, 27 €-koa hilabete eta seme-alaba bakoitzeko; neurri positiboa iruditzen zaigu, baina ez da nahikoa, argi eta garbi.
Emakumeak pentsiodun guztien erdia gara. Gure artean pentsio mota ugariena alarguntasuna da. Heren batek soilik du lan-bizitzaren ondoriozko pentsioa, eta batez besteko zenbatekoa gizonena baino % 36 txikiagoa da. Azaroan Diputatuen Kongresuak Toledoko itunaren 23 gomendioak onartu zituen. Horietako hiruk zerikusia dute pentsioetako genero-arrakalarekin, eta hirurek planteatzen dute egungo prestazioak okertzea. Horregatik, guk oihukatzen jarraituko dugu 1080 euro baino gutxiagorekin ez zaizkigula kontuak ateratzen.
17. gomendioak onartzen du emakumeek karrera profesional laburrenak, irregularrenak eta ezegonkorrenak dituztela, eta adierazten du mendekotasuna duten pertsonak zaintzeak ez duela kotizazio-hutsunerik sortu behar, baina ez dute inolako irtenbiderik proposatzen.
Halaber, esan du etxeko langileek Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean sartu behar direla. Baina gobernuak ez ditu onartzen LANEren hitzarmenak etxeko langileentzat ezartzen dituen baldintzak, eta ez ditu erregularizatzen langile migratzaile asko. Horren ondorioz, kalkulatzen da etxeko milioi bat langilek baino gehiagok baldintza kaskar eta ez-duinetan lan egiten dutela.
Pentsioetako genero-arrakalari aurre egiteko:
– Zaintza-lana duindu behar da.
– Pentsio ez-kontributiboen sistema berrikusi behar da; izan ere, hilean 402 €-koa izatea ez da nahikoa bizitzeko.
– Alarguntza-pentsioa birplanteatu behar da, batez beste 700 €-koa baita hilean.
– Gutxienekoen osagarriak zalantzan jarri behar dira, ez baitute uzten legeak ezarritako gutxieneko pentsioetara iristen.
Arrakala gainditzeko modurik zuzenena eta eraginkorrena da alarguntza-pentsioetan oinarri arautzailearen % 100 bermatzea, baita 1.200 euroko gutxieneko soldata, eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea, ere, Europako karta sozialak eskatzen duen arabera.
BATAK ALA BESTEAK GOBERNATU/ PENTSIO PUBLIKOAK DEFENDATU
Pentsionistak Araba
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!