Parkamena
Aupa lagunok!
Parkatuko didazue baina kokoteraino nago parkamen kontu honekin. Kokoteraino uneoro medioetan erabiltzen ari diren “sinesten dut” pareko “parkamen sakratua”ren erabileraz.
Zorioneko edo zorigaiztoko parkamen demokratiko honek erabat nahasten nau.
1.-Euskaldun jaio nintzen, euskaldun, hor pekatua. Euskeraz hazi nahi eta ezin, hor pekatua. Etxean eta etxegiroan bai euskeraz, ez genekien besterik, baina eskolaratze orduan hasi ziren komeriak. Zer diozu? Ez dut ezer aditzen! Eidazu euskeraz faborez! Hor ikasi nuen zer zen inmersioa, erderaz blai Euskal Herrian.
Eta hortik, pixkanaka, adinez aurrera nindoalarik, herrira hedatzen joan zen inmersioa. Nola azaldu nere sentimenduak? Sufrimendua nagusi. Ez bait zen aukeraketa kontua, ezin nuen euskaraz egin, nahitaez erderaz egin behr nuen, zigorra medio.
Imajinatu dezakezue hortik aurrerakoa, gauza jakina da guztiontzat, herri honetan euskaldun jaio ginenontzat eta euskal hautua egin zutenentzat.
2.-Hor hasi zen egoera honi aurre egiteko erabakia hartu genuen guztion errosario santua. Errosario madarikatua, ez bait genekien hain garesti ordaindu beharko genuela gurea defendatzea, horrelako penitentziarik jarriko zigutenik.
Ez naiz politikaz ari, ez behintzat politika demokratikoaz. Eskubideaz ari naiz, justiziaz ari naiz.
3.-Ezintasuna. Ezin bildu, ezin antolatu, ezin egin, ezin, ezin, ezin…. Uneoro zigorraren itzalpean. Gure izatea eta kultura zigorpean.
Eraiki eta erantzun, erantzun eta eraiki. Hor gure bidea, zintzo, gogoz eta irmo betetzen saiatu garena.
4.-Badago beste elementu bat, gerora, neure sentitu nuena eta neure egin nuena: langile klasearena izatea.
Txikitatik aita lantokian irudikatzen dut, manganeso hauts beltzez josita, aparteko orduak sartzen (igandeak barne) eta ni, amaren aginduz, hamarretakoa eroaten. Ama berriz, etxean poltsak josten, jasotzen zuen jornaltxoarekin aste osoko janaria erosiz.
Orduan guztion bizimodutzat hartzen nuen errealitate hori, nere ingurua berdintsu bizi zelako. Gerora ohartuz joan nintzen honetan ere denok ez ginela berdinak, sakoneko ezberdintasunak zeudela eta borrokatu beharra zegoela.
5.-Jazarpena nagusi. Larrutik ordaindu dugu bai, jakin dugu aurre egitea zer den, men ez egitea zer den, geurea defendatzea eta borrokatzea zer den. Zerrenda luzea daukat, luzeegia. Miaketak, atxiloketak, tortura, kartzelaratzeak, jipoiak, mehatxuak, izuak, epaiketak, isunak, fidantzak, inhabilitazioak,…..Francoren garaian hasi eta gaur egun oraindik indarrean daudenak. Ezin denak aipatu.
Eta…ez, ez naiz damutzen, harro sentitzen naiz, zapaldua baina harro, erasotua baina harro, umiliatua baina harro, jipoitua baina harro, sarri malkotan blai, baina harro…..
Ez zen inoiz horrelakorik gertatu behar eta ez da inoiz horrelakorik onartu behar. Aurre egitea baino ez zaigu gelditzen. Harrotasunez!
Lourdes Uribarri
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!