Palestina eta distantziakideak: ongiaren eta gaizkiaren gainetik
Koldarrek aurpegia eman nahi ez dutenean, boterearen berotasunean eroso daudenean, estatusean mantentzeko edota gorago heltzeko goikoari leialtasuna erakutsi behar dutenean, markatutakotik atera nahi ez dutenean, askotarikoak dira aitzakiak. Politikari profesional askok eta beren transmisio-uhal etxekotuek erabilitako aitzakietako bat hauxe da: jendeari lerdo deitzea. Ez modu zuzenean, ez!, agian jendea haserretuko da eta!, eta ez da komenigarria izango (are gutxiago hauteskundeetatik gertu…). Baina bai beste modu batean esanda, era sotilagoan: “errealitatea konplexua da” (nahiz eta “poliedriko” terminoa modernoagoa izan…), “gauzak ez dira beltzak ala zuriak”, “eragile eta interes asko tartean daude”, “zuhurtziaz jokatu behar da”, “erabakiak hartzean ondorioak oso ondo neurtu behar dira”, “gaiari ezin zaio fribolitatez ekin”… Adierazpen horiekin nahiko ados egon arren, boteretik erabiltzen direnean statu quo-a mantentzeko, erdi-ezkutuan esaten ohi zaiguna zera da: “zuek, herritar xumeek, ez duzue behar bestelako ezagutzarik ezta gaitasunik errealitatea bere osotasunean ulertzeko, ezta hartu beharreko erabakiak aditzeko”. Eta, zergatik ez esan!, ados nago neurri handi batean adierazpen horrekin ere. Izan ere, herriaren formazio politikoaren maila oso kaxkarra izan da historikoki eta horrela izaten jarraitzen du (hauteskundeetako emaitzak ikusi besterik ez dago… adibide sinpleena jartzeagatik). Ez dut inoiz konpartitu esaera hori, “herria jakintsua dela” adierazten duena. Herria kontzeptuan zer sartzen den beste eztabaida “poliedrikoa” bada ere…
Onar dezagun populazioaren zati handi bat ez dagoela formazio politiko eta ideologikotik nahiko prestatuta errealitatea eta bere bizitza bera ulertzeko. Ados. Baina, gure eta beste askoren patuak erabakitzen eta baldintzatzen dituzten agintari eta politiko profesional ugari, formazio politiko askoz hobea ez izateaz gain, botere-itsutasunak jota daude, beren tronuan igota eta interes ezkutuen preso. Sinestarazi nahi digute haiek dakitela eta guk ez dakigula. Paternalismo elitistatik ume moduan tratatzen gaituzte, haien erabakien kontrako ahotsei bolumena jaisteko, beren geldotasun kriminalaren kontrako eskaerei zilegitasuna kentzeko.
Zertara dator sarrera luze hori? Gai askoren inguruan izan zitekeen, baina batean zentratuko naiz: Palestinako herria pairatzen ari den garbiketa operazioa. Burutik ezin kendu. Eta hemendik zer egin edo zer egiteari utzi burutik ezin kendu.
Gazan (eta Zisjordanian ere) gauzatzen ari diren sarraskiaren aurrean, beste gai batzuen kasuetan bezala, jakituriaren epaia goitik behera jasotzen ari gara, kristauen Mendekostearen Izpiritu santuaren etorrera izango balitz moduan. Palestinarrek pairatzen dutenaren aurrean, sionismoaren zoramenaren aurrean, eragina izan dezaketen erabakiak har ditzaketenek, beren immobilismoa justifikatzen digute; beren sionismoarekiko konplizitatea, hain zuzen ere. “Errealitatea konplexua da”, “gauzak ez dira beltzak ala zuriak”, “eragile eta interes asko tartean daude”, “zuhurtziaz jokatu behar da”, “erabakiak hartzean ondorioak oso ondo neurtu behar dira”, “gaiari ezin zaio fribolitatez ekin”… Estatu sionistarekiko harreman politiko eta diplomatikoak ezin dira eten, entitate sionistarekiko euskal enpresen salerosketak ezin dira bertan behera utzi, eta, zer esanik ez!, Israelgo Estatuari ezin zaio boikota egin! Goi-mailako kontuak, zeinetarako herritar xumeok ulertzeko gai ez garen… Botere politikoaren harropuzkeria, botere ekonomikoaren zekenkeria, botere akademikoaren handikeria eta koldarkeria. Distantziakidetasunean murgilduta, beti. Hori bai, agintzen duenaren aldean. Boteretik beti gertu.
Gidoi markatu batek gidatuta, giza eskubideak, demokrazia (burgesa, noski!) eta mendebaldeko baloreak ahoan, samindura eta erruki itxura aurpegian. Sarraskituaz gupidatuz (are gehiago umea bada eta telebistan agertzen bada…), baina borreroarekin zubiak mantenduz. Bazkide sionistekin harreman diplomatikoak, komertzialak, kirol eta kulturalak, eta akademikoak mantenduz.
Ameriketako Estatu Batuek eta Europar Batasunak Estatu sionista elikatu, mantendu eta, edozein triskantzaren aurrean, irmoki babesten eta armaz hornitzen jarraitzen duten bitartean, Txipretik Gazara laguntza humanitarioa eramateko Amaltea itsaso-korridorea sortzea gustu txarreko broma da, zinismo gordinaren erakustaldia. Baina, Euskal Herrian bertan, erabaki-guneetan dauden askoren jarrera, hain zuzen, jarrera bera da, distantziakidetasunez mozorrotuta.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!