“Ohartu gabe” -Aitor Orobiogoikoetxea”
Ohartu gabe, jaiotzen garen unetik ezarria zaigu lehen muga. Lehen negarraren indarraz jakinarazten diogu munduari hemen gaudela, hori eskatu baitzaigu, une eta leku jakin horretan gizarteari gure lehen aportazioa egitea, lantu zorrotz bezain narritagarri batekin bada ere. Konturatu gabe, baditugu hamaika ezaugarri inposatuak. Lehen lokuluska egiten dugun sehaska nola edo hala izateak gure bizitzaren nondik norakoak zehaztuko ditu. Jaiotzean askeak garela diote, baina, orain arte, inori ez zaio galdetu, amaren sabelean egon bitartean, noiz nahiago zuen mundura irtetzea, zein litzatekeen bere garairik gogokoena lehen lantua botatzeko.
Egiten dugun lehenengo errendizioa litzateke. Onartu egiten dugu gure momentua, jaio garen une horrek beregain dakarrela ezaugarritze zehatz bat. Baina gu, errealitate horren barruan, korrontearekin bat egitea edo asaldatzearen arteko hautuari aurre egiten diogu, baiezko sumisoa behin eta berriz eman edo jatorrizko negarra haserre oihu bilakatzearen erabakiari… Hori baita aurkezten zaigun paradigma zapalduon sehaskan jaiotzen garenoi.
Errendizio honetatik ondorio sakon bezain garrantzitsua ateratzen dugu: Hau da gurea den garai bakarra, eta premisa honetatik ekin behar diogu zilbor- hestea eten eta hurrengo unetik. Helburu argi bat markatu behar dugu: gure ondoren datozenei, lehen errendizioa egin beharko duten horiei, egokitu zaien garaia hobetzea izango dugu egitasmo, eta horretarako, urte luzeetan zehar herri honek egin bezala, Euskal Herri aske, sozialista eta feminista jarriko dugu ipar.
Ez gara bat batean ezerezatik sortu, iraganak ekarri gaitu hona. Milaka izan dira euren garaiko koiunturaz ohartu eta subjetu eraldatzaile bilakatzeko hautua egin zutenak. Ezinezkoa da iragana aztertu eta ikasi gabe gurea den garai honek parez pare jartzen dizkigun erronkak identifikatu eta borrokatzea. Eta horregatik, idealizazioetan erori gabe, jakin behar dugu emango ditugun zenbait urrats beste batzuek utzitako aztarnen gainean emango direla.
Lizentzia poetiko polita da etorkizunaren nostalgikoak garela esatea. Nostalgian iltzaturik nahi gaituztenen aurrean oraina eta etorkizuna aldarrikatzea dugu erronka. Oinez ikasten dugun bakoitzean, lau oinetan nahiko gaituzte mantendu. Hitz egiten ikastean, hitzak debekatu eta zezeltzera derrigortuko gaituzte. Baina gu aurrera goaz. Praxi eraberrituei ekiteko unea da, begirada etorkizunean jarrita dugun heinean. Fronte ezberdin ugari zabaltzen zaizkigun momentu historiko honetan, duela urte gutxi debekatuak genituen zenbait erraminta ahalbidetu zaizkigu. Haietako bakoitzari konpromisoz erantzuteko ardura hartzea ezinbesteko bilakatzen da. Eguneroko ekarpenaz, debekuaren ondorioz emandako atzera pausu bakoitzari bi pausu aurrera emanez erantzunez. Soilik horrela lortuko dugu etorkizunaren nostalgikoak izateari uztea, etorkizunaren garaile izateko.
Oraina gara, eta horrela adierazten dugu ematen dugun mugimendu bakoitzean. Etorkizuna irabaztera datorren belaunaldiaren parte gara. Gorputz berri bakoitza zirraraz gurutzatzen duen lehen bulkadaren ausardia, mundu berri oso bat aurkitzeke duen jaioberriaren jakin-mina, kolektiboaren batasunak sortzen duen babesa,
Badugu zeregin garrantzitsu bat, hortaz. Garaia da borroka berriak pizteko. Garaia da egin genuen lehen errendizio horrek suposatu dizkigun erantzukizunei ilusio eraberrituz ekiteko. Garaia da iragana atzean utzi eta oraina borrokatzeko. Garaia da bizitzea egokitu zaigun momentuari konpromisoz erantzuteko. Garaia da, gure garaia irauli eta garai berriak sortzeko. Garaia da, bulkadaz bulkada, etorkizuna irabazteko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!