Nuremberg eta genozidioak. Botere kontua.
Esan ohi da Historia garaileek idazten dutela. Eta gehitu daiteke ere epaiketak prestatu eta sententziak idatzi garaileek ere egiten dutela. Nuremberg-en epaiketa mediatikoenaren 75 urte betetzen dira orain. Historiaren ankerkeria handienetariko baten errudun batzuek ordaindu zuten, militarki garaituak izan baitziren. Nazismoaren zabaltze eta garatzean oso parte aktiboa izan zuten beste askok babesa eta lana topatu zuten beste Estatu batzuetan. Preziatuenak zientifikoak, bereziki energia nuklearrari lotutakoak. Ugariak izan ziren ere frankismoan babesleku topatu zutenak, Otto Skorzeny kasu, Mussolini askatu zuen komandante eta ingeniaria, Hitlerren konfidantzazko gizona, eta Markina-Xemeingo Esperanza y Cía arma-lantegian aritu zena, armen diseinuetan baita enpresa honen armei merkatu berriak irekitzen.
Nuremberg-ek mundu mailako zuzenbidea ezarri zuen neurri handi batean, genozidioa eta gizateriaren kontrako krimenak tipifikatzean, gerraren garaileen krimenak kanpoan utzi arren: Hamburgoko eta Dresdeko bonbardaketak ala Hiroshima eta Nagasakiko hondamendi nuklearra kasu. Jugoslavia eta Ruandako krimenen epaiketen aurretikoa izan zen ere Nuremberg. Baina, esan bezala, militarki garaituak izan zirenak epaitzeko eta zigortzeko balio zuten. Inolaz ere garailearen krimenak epaitzeko.
Nuremberg-en sententzia urriaren 1ean heldu zen. Beste urriaren 1ean, 1995ean, Sri Lankako Indar armatuek Trumoiaren Kolpea ofentsiba hasi zuten errebelde tamilen kontra. Ofentsiba bat gehiago 3 hamarkadaz luzatu zen gerra horretan, tamilen kontra diseinatutako genozidio batekin amaituta, non 70.000 tamil baino gehiago sarraskituak izan ziren. Beste milaka kontzentrazio zelaietan torturatuak izan ziren. Gauzatutako krimenak ikertzeko epai-mahaia noren esku utzi zuen Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Kontseiluak? Ba, Sri Lankako gobernuaren esku, genozidioaren egilea. Estatu Batuen eta Erresuma Batuaren sostengua ezinbestekoa izan zen krimena gauzatzeko eta, gero, estaltzeko.
Beste urriaren 1ean, 1999an, Errusiako tropak Txetxenian sartu ziren berriz, errepublika honen kontrako bigarren gerrari ekiteko. 70.000 eta 200.000 arteko zibilen gorpuzkin izan zen emaitza, horietako asko desagertuta. Tortura eta desagertzea indar okupatzaileen eta Errusiak sostengatutako Ramzán Kadýrov presidente txetxeniarraren talde paramilitarren praktika ohikoa zen, baita krimen horiek ikertzen zituzten kazetariak hiltzea ere, Anna Politkóvskaya eta Natalia Estemirova kasu. Azken honi Kadýrov-ek berak aitortu zion besoak ukondoraino zeuzkala odolez zikinduta, eta ez zela lotsatzen horretaz. Kadýrov-ek eta bera bezalako kriminalek lasai jarraitzen dute boterean. Badakite ez dela Nuremberg-ik egongo beraientzat.
Baina goazen gertuago; aurtengo urriaren 1era. Egun horretan Patricia Pérez Ríos hil zuten Kolonbiako Magdalena departamentuan. Zerrenda makabro baten zenbaki bat bihurtu zen. Izan ere, “bake akordioa” (komatxoen artean) sinatu zenetik, duela 5 urte, Gobernuak ez du gelditu sarraski sistematikoa: 1.248 lider sozial eta ekintzaile hil dituzte, baita armak utzi zituzten 292 gerrilero ohi. Kolonbia barne desplazatutako populazio handien daukan herria da, 8 milioi, nagusiki terrore paramilitarrak eraginda, non azken hamarkadetan 84.000 txikitutako pertsona desagertuta mantentzen diren. Hainbeste zitalkeriaren erantzuleentzat ez da egongo Nuremberg-ik, boterea direlako.
Ezta kriminal sionistentzat ere, ezta Vietnam eta Irak suntsitu zutenentzat, ezta frankismoaren borreroentzat; haiek eta beraien ondorengoak boterean mantentzen direlako. Urriaren 12 honetan ere, Historiako genozidiorik handiena ospatzen jarraituko dute. Bigarren Mundu Gerrako biktima bikoitza eragin zuen genozidioa goraipatzen dute inpunitate osoz beren supremazismo ebanjelizatzailetik, latinoamerikarren fede katolikoz eta izen-abizen espainiarrez harro.
Genozidioak gaur egunera arte heltzen dira. Eta militarki garaile ateratzen direnek Historia idazten jarraitzen dute, bai. Haien esku dago ere epaia eta zigorra aplikatzea. Botere kontua da. Ez da kasualitatea Nuremberg-en epaileak jarri zituzten potentzia inperialistek, bereziki Estatu Batuek, handik hona egondako genozidio eta sarraskiak zuzen gauzatu ala sostengatu izana. Nuremberg 2.0 egitekotan, nortzuk eseri beharko lirateke orain akusatuen aulkian?
Iñaki Etaio
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!