Mesfidantzaren jendarte dekadenteaz
Inoiz baino konektatuago omen dago XXI. mendeko jendartea, edo hori diote kapitalismoaren astakeriak zuritzen dituzten propaganda organo ezberdinek: komunikabide erraldoiek, ikerkuntza zentroek, jakintzaren monopolizazio zein homogeneizaziorako instituzio ezberdinek… Baieztapen borobil hori justifikatzeko, gainera, argudio ezberdinak erabiltzen dituzte: garraioen garapena, sare sozialen erabilera edota komunikazio teknologikoak, besteak beste. Gainazalean geratuko bagina, hala izan zitekeen. Nik ordea, panorama askoz ilunago bat ikuskatzen dut, izan ere, jendarte honetan pertsonok inoiz baino isolatuago gaudela iruditzen zait. Eta noski, hau ez da kasualitatea, ezta pertsonon patu naturala. Kapitalismoa giza harremanen sistema bat den heinean, gure bizitzaren esfera guztiak balditzatzen ditu, eta zapalduon arteko mesfidantzarena, kapitalismoaren esfera zentraletako bat dela esango nuke. Horrexegatik, kapitalismoarekin amaitzeko, harremantzeko eredu berriak asmatu eta garatu beharko ditugu: indibidualismoa eta berekoikeriaren kontra, elkartasuna eta eskuzabaltasuna.
“Besteengatik borrokatzeko gai ez denak, bere buruagatik nekez borrokatu dezakeela” esan zuen Fidel handiak 1988ko diskurtso batean. Ideia hau, internazionalismoaren beharra azaleratzeko erabili zuen, baina maila askoz txikiagoetara ere traslada genezake. Ez duzue uste inoiz baino zailtasun gehiago ditugula konplizidadea eta konfiantza errotzeko? Hala esango nuke nik, eta ondorioz, elkartasuna, elkar laguntza eta elkar zaintza praktikek geroz eta toki gutxiago dute gure jendarte dekadente honetan. Indibidualismoaren garaian bizi gara eta mesfidantza nabaria da, batez ere zapalduon artean. Hauxe, kapitalaren gol nagusietako bat da. Bere hegemonia kulturalaren elementu nagusietako bat.
Garai batean lubaki berean sentitzeko joera zegoen sektore handien artean: Euskal Herrian adibidez, langile klasearen eta nazio zapaldu baten parte izateagatik, zapalduen artean elkartasuna elikatzen zuen sinpatia kolektiboa askoz zabalduagoa zegoen. Amankomunezko elementu horietatik at, argi dago subjetibitateak kontrakotasun batetik sortzen zirela ere. Etsaiaren aurpegi ezberdinak identifikatzea oso erreza zen, eta horien kontrako batasunak eraikitzea inertzia kontua baino ez zen. Bizi dugun garai likido hauetan, ordea, kapitalaren ideologiaren diktadurapean, amankomunezko elementuak topatzea kostatzen zaigu zapalduoi eta etsaiaren aurpegiak lausotu dira, sistemaren biolentzia sotilagoa bihurtuz.
Batzuk herrialde nordikoetara begiratzen dute jendarte aurreratuago eta hobe bila. Nik ordea, mendebaldeko mundutik urrun dauden ereduetara nahiago dut begiratu, izan Kuba edota Kurdistan, adibidez. Zertan fijatzen gara jendarte baten “osasuna” neurtzeko? Herrialde nordikoetan, hezkuntza sistema publikoaren “garapena” edota pobrezia tasa baxuak izan daitezke hizpide. Nik ordea, herritarren artean garatzen diren konfiantza eta sareetan fijatzea nahiago dut, edota haien bizipozean, zergatik ez. Mendebaldeko mundutik kanpo kokatutako herrialdeetan, jendarte premodernoetatik guztiz ezabatuta ez dagoen komunitate izaera askoz errotuago dago, elkartasuna eguneroko praktika bihurtuz. Zentzu honetan kapitalismoak ez du hegemonia kultural osoa eskuratu, momentuz behintzat.
Saia gaitezen ba, zapalduon arteko mesfidantzak alde batera uzten, eta elkartasun sareak nonnahi sortzen!
Jonbe Agirre
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!