Menturatu
Bizitza honetan arriskatu beharra dago, bestela, jai dugu lagunok. Menturatu ala ez menturatu, hortxe dago koxka! Berdin maitasunean zein politikan, familia kontuetan nahiz lagunartean. Aukerak aztertu, bat aukeratu eta menturatu, arrisku hartu, ausartu.
Agian ez dugu ziur jakingo zein bide hartu, zeren aldeko apustua egin, noren aldeko agertu; baina bizitzan, aurrera egingo badugu, zirt edo zart egin behar, lagunok, ez dago besterik.
Duela hilabete batzuk lapurra etxean sartu, guztion ixilean, eta ondasunak edo harribitxiak eroan beharrean, lagun preziatua eraman zigun, ordezkaezina, ausarta, menturatzen den horietakoa, arriskuak hartzeko beldurrik ez zuena.
Hartu, eta eraman egin zuen, oraindik borrokarako eta elkartasunerako indar nahikoa metatua zuen arren. Eta lagun horrek zerbait erakutsi bazigun, bizitza honetan beldurra alde batera utzi behar dela, izan zen. Utikan beldurra eta lotsa, betoz ausardia eta menturazaletasuna.
Egin zitzaion omenaldian hitz ederrak entzun genituen bizitzaz, berdintasunaz, elkartasunaz, borrokaz eta maitasunaz: “Maitasuna ez da sentimendu bat, ekintza baizik, akzioa”. Eta uste dut hitz horiek ederto laburbildu zutela bere bizitza: besteenganako, eta bidegabekerien aurkako maitasun ekintza andana, jardun eskuzabal kontaezinak.
Bego gugan jarrera hori, eta bizi bedi zabal eta luze berea bezalako ausardia.
Egiten duguna garen neurrian, bete dezagun gure giza eta eme langintza berdintasunean, elkartasunean eta justizia sozialean oinarritutako gizarte ekintzez.
Iñaki Lazkano
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!