Martxoak 3 berriro gogoan
Gaurkoan Josean Bueno Saez de Albenizek bete du gure iritzi tartea.
Aste honetan, ostegunean, martxoaren 3a da; Gasteizen egun berezia 1976 urteko martxoaren 3tik. Egun hura modu batean edo bestean bizi izan genuenok ahaztuko ez dugun eguna da, langileen sarraskia Zaramaga auzoan. Ostegunean, urtero bezala, ekitaldiak eta manifestazioak egingo dira. Urteekin bere garaian jarri zen eskulturaz gain muralak, bisita antolatuak eta beste ekimenak sortu dira data horren inguruan. Azkena, memoriala, ikusi beharko den kontu hori nola bideratzen den. Baina ez dut horretaz mintzatu nahi, egunaren esanahia dut gogoan.
Martxoaren 3a iraganari begiratzeko eguna da, baina ez hori soilik: orainari eta etorkizunari begiratzeko eguna ere bada. Elkartasuna izan zen 1976 urtean mobilizazioen motorra, eta gaur egun elkartasuna jarraitzen du izaten egun hori oroitzeko motiboa eta oinarria. Izan ere, elkartasuna atzoko eta gaurko eragilea da gure gizartean.
Elkartasuna da langileon tresnarik eraginkorrena handikien eta aberatsen diru gose aseezinaren aurrean, gizartearen eta ekonomiaren antolaketa eta arauak justuagoak izan daitezen borrokatzen jarraitzeko. Elkartasuna dago emergentzia klimatikoaren arazoaren muinean, gu guztiok eragiten digun kontua baita; kapitalismo itsuaren logikaren aurka, norbere onura bilatzea ez da bidea klima aldaketan erantzun politiko, sozial eta ekologiko nahikoak eta egokiak emateko. Elkartasuna dago sorostasunaren erdigunean, emakumeek mendeetako zapalkuntzatik askatzeko bidean. Elkartasuna dago zerbitzu publikoak defendatzeko borrokan, osasunean, hezkuntzan, pentsioetan, hainbeste gizarte zerbitzuetan…; guztiona eta guztiontzakoa dena defendatzea uholde pribatizatzaile eta liberalizatzaile honen erdian norberekeriaren aurkako jarrera ere baita. Elkartasuna ere badago militarismoaren eta gerraren aurkako mobilizazioetan, orain berpiztuak Errusiak burutu duen eraso bortitzaren aurrean. Elkartasuna motor indartsua da, kontu hauetan eta eguneroko beste askotan, gure bizitza, besteona, guztiona, hobea eta justuagoa izan dadin egiten diren milaka ekintzetan.
Horregatik guztiagatik martxoaren 3a egun berezia da, hainbestek eta hainbestetan eginiko borroka eta esfortzua aintzat hartzeko, duela 46 urte gure hirian gertatu zena gogoratzeko eta horrekin gure elkartasun sena are gehiago elikatzeko. Kalean, elkarrekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!