“Kutxazainak” -Patxi Goenaga-
Gaurkoan ere lapurrez, ustelkeriaz eta lotsagabeez izan ditugun hainbat berriri buruz hitz egin nahi nuke. Berri zaharrak eta, horregatixe, okerragoak. Madrileko Ppko goi kargu batzuen negozio ustelak, Katalunia aldeko zenbaiten larrialdien berri ere izan dugu, epailearen aurrean agertu behar izan dutenean. Zenbaitek, itxuraz duintasun izugarriaz agertzen bazitzaizkigun ere, eta ez naiz ari traje eta korbata garestiez, etikan eta zintzotasunaren banderan bildurik beste guztioi lezioak emateko posturan agertzen zitzaizkigun, pertsonaia eredugarriak balira bezala, gure haurrei eredu gisa erkusteko moduko pertsonaiak balira bezala…
Gero ikusi ditugu ipurdia estuturik, egindakoaz benetan damu balira bezala, ez barkazioa eskatzen, ume gezurti gaiztoen antzera inori errua boteaz baizik: “ez ez, ez nintzen ni izan…” nik ez nekien ezer… halakok engainatu ninduen…
Beste batzuetan egindako errua aitortzeak ekar liezaieketen onurak errentagarriagoak direlakoan… Bartzelonako Palau de la musica delako kasua. Beste batzuetan…
Baina niri tripako minik handiena ematen didana, edo handiena ez bada, haindienetakoa, da jendilaje honek, pribatuan ari denean, inork entzuten ez diela edo zelatatzen dituztela susmatzen ere ez dutenean darabilten hizkera kuartelarioa, makarra,… Umeen aurrean ere nola hitz egingo ote dute pertsonaje dotore hauek? Eta jendilaje hau Madrileko Komunitateko buru. Erruki ditut Madrildarrak.
Lehenbizikoez pentsatzen jarrita, esaten da sekretuak gordetzeko modurik egokiena sekretuok nork bere buruari bakarrik kontatzea dela. Norberaz aparte beste norbaitek baldin badaki zure sekretuaren berri, erraza da, premia sortuz gero, bigarren lagun horrek beste norbait ere jakitun egitea. Zigorra arintzeko balio badu, adibidez, nork ez luke beste norbait salatuko? Hortaz, ez fidatu.
Eta ez fidatu, halaber, komunikazioen segurtasunean. Gaurko komunikazio sare ezkutuak hor daude. Baina espioiak eta salatariak ez dira filmetako kontuak bakarrik. Nonahi ager daitezke. Ikasbide positibo batzuk behintzat atera litezkeela iruditzen zait, ikasi nahi badugu. Abisatuta gaude.
Lapurrak beti izan dira, txikiak eta handiak. Baina txikiak, esango nuke, gaizkiago ikusiak direla lapur handiak baino. Praktikan behintzat hala ematen du. Lapur txikiak pena ematen du, lapur handiak, enbidia agian zenbaiten artean behintzat.
Ni, berez, gartzelaren kontrakoa naiz: denon diruz zenbait granujari hotela ordaintzeak ez dit pozik ematen. Lepoko zuriz jantzitako horiei ezer ordaintzeak are gutxiago. Lehenbizi itzuli dezatela ostutakoa eta gero hitz egingo dugu.
Lapurtzar horiek beren poltsikoaren alde aritu badira, itzuli dezatela eta ez diezagutela esan ez dutela diru horren arrastorik… edo beren sozioren batek dirua hartu eta poltsa eskuetan ihes egin zuela ez dakit nora, arrastorik utzi gabe, Far Westeko filmetan bezala.
Eta alderdi politiko baten dirukutxa gizentzearren ostu badute, kontua errazago da: alderdiak itzuli dezala. Gizarteak eskertuko du.
Nire gaurko jarduna amaitzeko, utzidazue zerbait kontatzen. Garai bateko fraideek errazago zuten, antza: diru ardurak administradorearen eskuetan uzten zituztenean, kontatzen da administradoreak kargua bere gain hartzerakoan, honako formula hau erabiltzen zutela:
ACCIPE CAPSAM ISTAM VACUAM
QUAM ADIMPLERE CONABERIS
SIVE PER FAS SIVE PER NE FAS.
NIHIL DE ANIMA TUA CURES,
FRATRES PRO TE ORABUNT.
Alegia:
‘HAR EZAZU KUTXA HUTS HAU
ZEINA SAIATUKO ZAREN BETETZEN
MODU BATEAN ZEIN BESTEAN.
ZURE ANIMAZ EZ ZAITEZ BATERE ARDURATU,
ZURE ANAIEK OTOITZ EGINGO DUTE ZURE ALDE.’
Ez dakit administradoreari berari zernolako lasaitasuna emango zioten agintzen zitzaizkion bere komentuko anaien otoitzek. Baina ziur naiz gainerako fraideek otoitz egiteaz gainera, ez ziotela begirik gainetik kenduko ez anaia diruzainari ez kutxari, badaezpada ere.
Egunero azaleratzen diren kasu ugarien aurrean, ez dakit inork otoitz egingo duen inoren alde. Baina bere ‘lagunek’ defendituko dituztela eta, gehiegi ezin fidatu. Garai bateko fraide gizarajoak agian benetan hartuko zuen NIHIL DE ANIMA TUA CURES delako hori. Baita agintzen zitzaizkion otoitzak ere. Gaurko administratzaile ustelek horren ziurtasunik behintzat ez dute. Zorionez. Eta lapurreta egiteko bideak zenbat eta gehiago konplikatu, hobe.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!