Kartzela
Beste behin ere, eta ez dakit zenbat diren dagoeneko, tarte hau erabili nahiko nuke kartzelaz hitz egiteko. Kartzelaz, astun, gure herrian zentralitate handia duen gaia delako, geure bizitzak zeharkatzen dituelako. Hara begira ordu asko pasatzen ditugulako, egun asko, kilometro asko. Denbora asko begira, akaso ezer ere ez ikusteko.
Kartzelaz hitz egin nahiko nuke, baina behingoagatik ez Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren inguran. Eta hala ere preso politikoei buruz hitz egin nahiko nuke. Preso politikoen inguruan, espetxea egitura politikoa delako, langile klasea eta herriak atxikitzeko egitura. Pobreen zabortegia.
Azken urtean Zaballako espetxean 4 preso hil dira, hil dituzte. 4 preso, 4 izen, 4 abizen, 4 familia, 4 min, 4.
Espetxeak bertan preso dauden pertsonen bizitzaren bermatzailea da, bere ardura da preso horien osasuna bermatzea, eta kasua ematen bada, bere ardura preso horien heriotza. Zaballako espetxearen ardura da beraz, azken urte honetan egondako 4 heriotza horiek, eta arduradun horiek izen abizenak dituzte.
Nori inporta zaio ordea, lau kriminalen bizitza? “Hor badaude, zeozer egingo zuten”, da gure imaginario kolektiboan dugun iritzia. Espetxea txarra da, gogorra, ezabatu beharrekoa, arrazoi politikoengatik preso erori diren horien kasuan, baina ez diogu kasu handirik egiten barruan dagoen hori, lapur bat bada, trapitxero bat, hiltzaile bat, bortxatzaile bat.
Kasu horietan, hobe dugu beste leku batera begiratzea, gure kontraesanak azalerarazi nahi ez baditugu, behintzat. Oso zaila da eraiki diguten gizarte honetan antipunitiboa izatea, milaka pertsona ateratzen direnean kalera, prentsak, gobernuek, eliteek hala bultzatuta, mediatiko bihurtzen den kasu bakoitzaren aurrean, espetxe gehiago eskatzen, gogorragoa, luzeagoa… Kodigo penala gero eta gogorragoa den estatu batean, delitu txikiengatik espetxe kondena luzeagoak aplikatzen dituen estatu espainiar batean.
Eta oso zaila bada ere, hori izan behar du gure posizioa, pertsona bezain zaharra da pertsona atxikita izatearen nahia, eliteen kontrol nahia, eta horretarako sortu dituen egiturak: Espetxea, eskola, psikiatrikoa, fabrika… langileak afinatzeko guneak dira. Pertsonak heztekoak, etzanak izan daitezen, beti besteen, beste gutxi batzuen, esanetara.
Estatu berri bat, mundu berri bat eraiki nahi badugu, ezinbestekoa da mundu hori egungo munduarekiko konfrontazioan eraikitzea, gaur egunekoa ez dugulako nahi, mundu berria eraiki nahi dugu, gaur egungoa gustatzen ez zaigulako gaude antolatuta mundu berri baten alde.
Mafaldak zioen bezala, sopa ez zaigulako gustatzen. Guk izozkia nahi dugu, izozkia egunero, izozkia askatasunean, eta horretarako urrats ezinbestekoa da harresiak botatzea, lehenik eta behin barru barruan eraiki ditugun horiek, ostean maza hartu eta eraiki dizkiguten makro-kartzela horienak txikitzeko.
Oier Azkarraga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!