Karetak eraisteko eguna heldu da
Beste ikasturte batez, Hala Bedi irratiaren uhinen bitartez, aukera dut hausnarketa ezberdin batzuk plazaratzeko. Beraz, lehenik eta behin, bide hau eskaintzen didan irrati honi eskerrak eman nahi dizkiot, seguruenik bazuten jende interesgarriagorik gauzak kontatzeko, baina argi dago, baiezkoak hain merke saltzen dituen inor ez zuten topatuko.
Ikasturtea berandu hasi da Hala Bediko lagunentzat, eta hemen nago ni ikasturteko lehen aste honi amaiera emateko, egunerokotasunari aurre egin nahian. Agendari erreparatuz, hasi nahiko nuke ikasturteroko kolaborazio hau. Izan ere, bihar, Gasteizko kaleak hartuko ditugu proiektu txikitzaileei aurre egiteko asmoz.
Araban lanean ari diren hainbat plataforma eta eragileek manifestazioa deitu dute “Makroproiekturik ez!” lelopean. Azken hilabeteetan Araba luze zabalean, suspertu da makroproiektuen aurkako mugimendua, Solaria eta bestelako enpresek Araba plaka eta errotez bete nahi izan duten neurri berean.
Gure herri lurrak haien interes kapitalistentzako erabili nahi dituzte, irabazi gose aseezina dute eta horretarako desenbarko handia egin dute Arabako hainbat eta hainbat herri eta eskualdetan. Ehunka hektarea plaka eta errota jarri nahi dituzte han eta hemen, eta horien energia garraiatzeko goi tentsioko lineak ere aurreikusi dituzte. Haien proiektuek aurrera jarraituz gero, Araba ez da etorkizunean orain arte ezagutu dugun lurraldea izango.
Energia berriztagarrien banderarekin etorri zaizkigu, trantsizio energetikoa behar dugunaren aitzakia merkean, eta horrela poligono energetiko erraldoi berriak jarri nahi dizkigute. Asko dira ideia erosi dietenak, alderdi eta esparru soziologiko guztietan. Ikustea besterik ez dago Euskal Herriko hainbat herritan eolikoen kontura batzuk izan duten jarrera epela.
Sistema kapitalistaren eta bere etengabeko kapitalaren akumulatzean oinarritzen dira proiektu hauek, ordea, enpresa handi batzuk, atzean enpresa are handiagoak dituztenak, gure lurrak merke erosi nahi dituzte, esplotatu eta etekinak garesti saltzeko.
Honen aurrean ordea, herri antolatua topatu dute, espero ez zuten mugimendu anitz eta zabala topatu dute, hasieratik indar handiarekin sortu dena. Gure herrietan mugimendu handia dago proiektu hauei aurre egiteko eta aurretik beste proiektu batzuekin egin bezala, hau ere gelditzeko determinazio osoa duena.
Geldituko da, geldituko dugu, hor duda handirik ez dago. Aurretik, Lemoiz edo Fracking-a gelditu genuen bezala, kontua, ordea, hori baino harago doa. Nola egingo dio aurre herri honek etorkizunari, azak kandelapean jaten ez amaitzeko?
Galdera zaila dirudi, hor ditugu han-hemenka honen inguruan hausnartzen pertsona eta kolektibo ugari, argia baitirudi krisi anizkoitz baten aurrean gaudela, non energiaren egoera benetan larria den.
Krisi anizkoitzari, ordea, ezin zaio irtenbide partzialekin aurre egin eta klase perspektiba faltan dela sumatzen dut hemen. Euskal Herriak eta munduak aurrera egin beharko dute, beti ere gehiengoa garen langile klasearen interesen defentsari erreparatuz. Aurre egin inor atzean utzi gabe. Gure herrian gero eta txiro gehiago dagoen garaian, ezin dugu etengabeko hazkundea saltzen digun proiektua erosi, baina ezta ere denok deshazkundearen gurpilara igo behar dugunaren aldarria hartu.
Hemen batzuk haien interes kapitalistak jokoan ikusi behar dituzte. Enpresa eta sektore estrategikoen nazionalizazioa bultzatu behar da eta noski energia horietako bat da. Gehien kontsumitzen dutenak (hiriburuetako enpresa erraldoiak) ezin dute etengabe bizi langileon eta herrietako biztanleen bizkar. Bitartean, politikari kastak mesede eta eskari guztiak betetzen dizkielarik.
Sistema honen eraistea behar dugu, ez alternatiba txikiak, alternatiba osoa behar dugu eta horretarako antolatu behar dugu. Antolatu, bai, orain artean egin dugun bezala egin beharko dugu etorkizunean ere. Enpresari eta euren proiektuei aurre egiteko eta lau euroren truke salduko gaituzten alderdi politikoetatik aparte, independentzia osoarekin. Azken finean, gure proiektua eta haienak ez dute bat egiten eta beraz gure hitza eta aldarria argi eta garbi entzun behar da, bihar Gasteizko kaleetan, egunerokotasunean gure herrietan, asanbladetan, plataformetan eta behar den lekuetan.
Karetak eraisteko eguna heldu da eta langile antolatuok horren ardura historikoa dugu.
Oier Azkarraga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!