Jada ez
Azken aste hauetan, bi euskal herritar epaituak izan dira Audientzia Nazionalean, Euskal Herriaren aldeko ekintzailetza politikoa egitea leporatuta. 4 urteko zigorra ezarri diete bakoitzari, ekintzailetza horren ordain gisara.
Mobilizazio ugari egon dira Euskal Herriaren luze zabalean, epaiketa eta sententzia honen aurka, milaka pertsona Aitor eta Galderri gure babesa helarazi eta haiekin gaudela adierazteko. Amorruz bete ditugu kaleak, bereziki Gasteiz eta Amurriokoak eta oihu bat ozen altxatu dugu: Euskal Gazteria, aurrera!
Guzti honek zer pentsa eman dit. Ez dut ukatuko, Galder eta Aitor gazteak direnik, nik baino gazteagoak dira biak ala biak eta ez dira ez bata ez bestea ezta 30 urteren langara ailegatzen. Ezaguna da gazte mugimenduari egindako ekarpena. Ezaguna da gazte engaiatuak izan direla.
Baina jada ez gara hain gazteak, peña! Dagoeneko jubilatuta dagoen nire amari askotan entzuten diot esanez “un chaval de mi edad”, eta susmoa daukat guk ere horretara hurbiltzen ari garela, apurka-apurka. Iruditzen zaigu denak direla gazteak, gu geu ere gazteak garela, eta beraz gazteria aurrera diogu, gu geu ere aurrera goazen heinean.
Adina ordea akumulatzen jarraitzen dugu, gazte urteak pilatzen eta laster inor baino gazteagoak izango gara beste inor baino urte gehiago daramagulako gazte izaten, eta hau supermerkatuko puntuak bezala, akumulablea da, ezta?
Zer da gazte izatea, ordea? Urte mugarik ba al du? Jarrera bat da? Problematika bat? Adinarekin sendatzen den gaixotasuna? Gure inguruan denak seme alabak izaten hasten direnean gazteak izaten jarraitzen dugu? Eta hipotekak sinatzen hasten garenean? Goizero pastilatxo bat edo bi hartzen hasten garenean, eta hauek ez direnean kolore bizietakoak, gazteak izaten jarraitzen al dugu?
Duela urte batzuk, kanpaina eta oihu bat nagusitu zen gure kaleetan zehar, “Gazte eta aske, irabazi arte!” zioen, ez dugu irabazi, nik dakidala behintzat, eta beraz nire iritziz bada ere, gazte izaten jarraitzen dugu, jarraituko dugu.
Oier Azkarraga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!