“Izan zirelako gara, garelako izango dira”
Gaurkoan zerbait zoragarria bizitzeko aukera izan dut. Garraio publikoan liburutegirako bidean nengoela, emakume nagusi batek gelditu nau.
Gaurkoan zerbait zoragarria bizitzeko aukera izan dut. Garraio publikoan liburutegirako bidean nengoela, emakume nagusi batek gelditu nau. Hasieran, agurtu egin nauenean, nahastua zegoela pentsatu dut, emakume hura ezagutzen ez nuela argi neukan eta. Baina, gerturatu egin denean eta eskerrak eman dizkidanean gauzak zeharo aldatu egin dira.
Kontua da Madrileko auzoko gazte asanblada antifaxistaren kamiseta soinean neramala eta emakumeak hori ikustean Vallekaseko auzoan etorkinekin lan egiten urteak zeramala esan dit. Ondoren, gazteriaren boterea zein borroka goraipatu du eta berriz ere, eskerrak eman dizkit. Hainbeste hunkitu naiz non ezin izan diot hitzik esan, irribarre batekin agurtu dut eta eskerrak bueltatu egin dizkiot.
Ez al da polita gertatutakoa? Honelako gauzek edonor berrindartzen dute. Etxe guztietan edo askotan bezala, nirean ere aiton-amonek Guda Zibileko istorioak kontatzen zituzten, gehienetan gosetea, errepresioa edota heriotzarekin zerikusia zeukaten, baina batzuetan “garaipenak” ere entzuteko aukera genuen.
Gaur egun, argi daukat erresistentzia eta duintasunaren belaunaldia izan zirela, zapalkuntzatik elkartasuna sortu zutelako, tristuratik maitasuna. Eskolara joateko aukera izan ez zuten arren, aski zekiten faxismoaz, irakurtzen ez zekiten arren, argi zeukaten haien lekua. Hortaz, gaur inoiz baino ozenago, izan zirelako gara, garelako izango dira, ez dira pasako.
Belaunaldi horren ilobak gara, errepide bazterretan abandonatu zituzten hezurren odola, fusilatu zenituztenen adorea, mendiko amildegitik bota zenituzten matxinoen oihartzuna, ilea moztu zenieten emakumeen bilobak, trantsizio “faltsu” horren errepresioa jazarri zutenen memoria, 1976ko martxoan izandako grebalarien ondorengoak, sasietan hil zirenen seme- alabak, hain zuzen ere.
“Lokatzetan uzten dira oinatzak, kalean eta ez alfonbra gorrietan” esan zuen behin Periko Solabarriak, eguneroko borrokan ihardun zirenek hori erakutsi ziguten eta gure xedea oinatzekin jarraitzea izan behar da, herritik eta herriarentzat, memoriatik antifaxismora. Gauza txikietatik hasita gure aiton-amonek utzitako aztarnekin segitzea, haien lekukoa zaintzea eta hurrengoei uztea.
Eta orain mende askoren ondoren, hemen gaude munduari
esanez, beste mundu bat posible dela
Jon Maia
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!