Iruña-Veleia: Zugarramurdiko Altamira
Gontzal Fontaneda - Emakume haiek ez ziren inoiz ere sorginak izan, baina sutan hil ziren Inkisizioaren sinesmenek kondenatuta. Labar-pintura horiek ez dira inoiz ere faltsuak izan, baina Espainiako Natur Historiaren Elkartearen teoriek kondenatu zituzten. Grafitoak ez dira inoiz ere faltsuak izango Zientziak noiz grabatu ziren zehazten ez duen bitartean. Hala ere, faltsutzat kondenatu dituzte iritzi akademiko eta judizialek inolako frogarik gabe.
2005ean Iruña-Veleian grafitoak zituzten pieza batzuk agertzen hasi ziren, talde arkeologikoak III mendean datatu zituenak. Jakina, ustekabe handia izan zen, batez ere euskarazko idatziengatik, mende hartan ere euskara Araban zegoela esan nahi zuten eta. Grafitoak III mendekoak ez ote ziren zalantza sortu zen, faltsuak zirelako iritzia ere bai. Naturala da eztabaida agertzea, baina naturaren aurka jardutea ez da naturala.
KANPORATZEA
Grafitoak aztertzeko, Arabako Foru Aldundiak batzorde bat sortu zuen 2008an, “Iruña-Veleiako Batzorde Zientifiko-Aholkularia” izenekoa, baina ez zen “aholkularia” ezta “zientifikoa” ere.
Ez zen “aholkularia”, aholkatua baizik. Batzordekide batek bere txostenean helburua grafitoak onargarriak ez zirela ebaztea zela aitortu zuen [3. koadroan]: “eskatutako txostenak ez zuen inolaz ere jasotzen euskal idazkunak onargarriak izan zitezkeen egoerarik azaltzeko eskaria”.
Ez zen “zientifikoa” ere, iritziemalea baizik, ez zuen frogarik bilatzen, ezta lortu ere. Beste batzordekide batek [6. koadroan] bere txostenean hauxe zeritzan: “ez da oso ulergarria hiriaren izena, Veleia, latinezko iturri berankor batzuetan ere B letraz agertu arren, euskal grafitoetan beti V letraz idatzita agertzea”. Baina hara non 2012an froga bat agertu zen: erromatarren oparri bat aurkitu zuten, eta idazkunean Veleia V letraz irakurtzen zen. Harrigarriena zen batzordekide hau oparriaren aurkezpenean sinatzaileetako bat izatea.
Batzarkide horrek berak ere [1. koadroan] txostenean iritzi hauxe ematen zuen: “piezen antzinatasunaren aurkako hizkuntz argudio ugari eta sendoak ere agertu dira. –A artikulu mugatzailearen egotea. Zalantzarik ez duten hitzetan oso adierazita dago: naia, mona”. –A letra artikulu mugatzailea den ala ez eztabaidan hasi gabe, aurkezten zituen bi adibide horiek ez ziren inola ere “sendoak”; izan ere, egungo ‘anaia’ eta ‘amona’ izan litezke, eta azkeneko ‘a’ hori organikoa da, ez da artikulua ezta atzizkia ere; izenaren zatia da.
Batzordean faltsutzearen aldeko guztien adostasunik ezta gehiengo osorik ere ez zegoenez, laborategi aditu batzuek grafitoak zein garaitan grabatu ziren ebaztera eramatea izango zen zentzuzkoa. Baina ez; 2008an, Batzordearen azken bilera amaitu eta berehalaxe, Aldundiak Eliseo Gilen taldea Iruña-Veleiako aztarnategitik bota zuen, eta 2009an Euskal Herriko Unibertsitateari eman zion zuzendaritza.
SALATZEA
2009an Aldundiak Eliseo Gilen aurkako salaketa aurkeztu zuen Epaitegian. Hamabi txostenetatik bostek bakarrik zioten grafitoak faltsuak zirela, ez ziren arduratzen beste mende bat proposatuz garaia zuzentzeko, baizik eta zuzenean faltsukeria salatzean eta faltsutzailea Eliseo Gil zela mintzatzean ziren. Horrela Epaitegian salatu zitekeen, eta oso egitasmo adimentsua izan zen, hutsarte bat bermatzen baitzuen –hamaika urtekoa izan zena– pandemia mediatikoak grafitoak eta Eliseo Gil jendaurrean aurretik kondenatzeko.
Gehiegizko luzapen horretan, Instrukzioko epaileak bi erakunderi eskatu zien grafito batzuei buruzko txosten bana. Kultur Ondasunak Zaindu eta Zaharberritzeko Goi Eskola izan zen bat. Goi Eskolak bi jarduketa egitea komeni zela proposatzen zuen bere txostenean [10. koadroan]: “betegarria duten ildasken edukia aztertzea” eta “aditu-indusketa bat abiaraztea”.
Beste erakundea Espainiako Kultur Ondarearen Erakundea izan zen. Bere txostenean piezen azal gaineko hondarrak bakarrik aztertzen zituen [7. koadroa]. Hala ere, zientziazko txinparta bat izan zuen, hauxe jo baitzuen interesgarritzat [10. koadroan]: “zarakarrak modu kontrolatuan kentzea, horien azpian testua dagoen ala ez argi eta garbi egiaztatzeko”. Bide ona ziratekeen erakunde horien hiru proposamenak, baina Instrukzioko epaileak, epaiketako epaileak eta Auzitegiak arbuiatu egin zituzten.
KONDENATZEA
Hamaika urte joanda epaiketa iritsi, eta 2020an epaia argitaratu zen. Eliseo Gil kondenatzen bazuen ere, guztiz kontrakoa adierazten zuen epaiak berak: grafitoak ez Eliseo Gilek ez beste inork ere egin ez zituztela baieztatzen zuen, [11. koadroan] honako hau aitortzen zuelako: “ez da behar bezala frogatu grafito garaikideak [Eliseo Gilek] bere kabuz egin zituela”, baina “bere kabuz edo bitarteko batzuen bidez” egingo zituela uste zuen. Hala ere, iritzi hau ematean ez zuen argitzen “bitarteko” horiek nortzuk ziren, ez zituen identifikatzen; beraz, ez dira existitzen. Hori dela eta, inork faltsutu ez dituenez gero, grafitoak ez dira faltsuak eta Eliseo Gil ez da erruduna.
Zigorraren aurka Eliseo Gilek helegitea aurkeztu zuen Arabako Lurralde Auzitegian, eta honek 2021eko urtarrilaren 26an eman zuen epaia. Berriro kondenatzen zuen. Helegiteko gai bat zaintza-katea haustea zen; hau da, frogak (aurkikuntzak) beti Aldundiaren esku egon zirela –eta oraindik ere hortxe daude–, alderdi salatariaren esku. Eta horrela, piezak “bisitatzen” zituztenei erakutsi egin zizkieten eta Aldundiak berak eskatutako ikerketa bat ere egin zien grafologi laborategi batek.
Beraz, Auzitegia ezin zitekeen jakinaren gainean mintzatu, Epaitegiak aurkikuntzak zaindu ez zituelako, eta hauxe, hain zuzen ere, eskatzen zuen helegiteak: beharrezko zaintza judizial inpartziala. Beraz, nabaritasunez erantzun ezin zuenez, Auzitegiak Aldundiarekiko oso iritzi ulerbera eman behar izan zuen, arazoa saihesteko [12. koadroan]: “Piezak salatariaren esku geratu arren, nahita eragindako edozein kutsadura baztertzea egokia da. Salatariak ez zukeen egiazkotasun hori baieztatzea baino atseginagorik, Iruña-Veleiako aztarnategia erakarpen bikaineko gunea bihurtuko zuen eta”. Iritzi horrek (iritzia besterik ez izateaz gain) ez zuen zentzurik: Aldundiak “atsegin” hori nahi izan balu, inolako frogarik gabeko faltsutzea salatu ordez, grafitoak noizkoak ziren egiaztatzeko laborategi batzuengana joko zen, eta, orduan grafito gehiago agertzen ziren ala ez ikusteko, indusketa kontrolatu bat egiteko arkeologi talde bat eratuko zukeen.
BELDURRA
Zeren beldur dira? Zergatik ematen die beldurra Aldundiari, Unibertsitateari, Epaitegiari eta Jaurlaritzari Zientziak grafitoen garaia egiaztatzeak? Zugarramurdi eta Altamirako auziak konpondu dituen bezalaxe, ez liokete inolako oztoporik jarri behar Zientziak orain Iruña-Veleiako auzia ere konpontzeari…
…Konpondu egingo denez gero ere.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!