[Iritzia] “Libreak baino artean” – Alaitz Andreu –
Librea al da etxean geratzeko erabakia bera. Librea ote, behin ama egindakoan, emakume ere bazarela ahaztea; pertsona zarela ahaztu ama zarela gogoratzeko, gogorarazteko ingurukoei. Baita zeure buruari ere, jakina.
Librea al da espazio publikotik itxitasunerako jauzia; librea mendekotasun ekonomikoa, librea ote aisialdiaren murrizketa. Librea al da bizi osorako eszedentzia bihurtzen den urtebeteko eszedentzia.
Hain librea baldin bada aipatutako guztia, zergatik izaten da, gehien-gehienetan, ez dut esango beti, emakumea erabaki hori hartzen duen pertsona? Esango du batek “nik ezagutzen dut gizon bat eszedentzia hartu zuena”, bai, eta egia baldin bada gauzak aldatzen ari direla, askoz hobe, baina ez naiz ni hain optimista. Zergatik dira, bestela, emakumeak dilema horrekin topo egiten duten gehienak? Ordutegi murriztuak dituztenak? Lan prekarioenak dituztenak? Zergatik dira etxekoandre gehienak andreak? Baita gazteen artean ere?
Amatasunaren naturalizazioarekin lotura zuzena duela esango nuke; hau da, heteropatriarkatuak bere sostengurako beharrezkoa duen amaren eredu horrekin duela harremana. Amaren eredu idealizatua delako familia eredu idealizatuaren oinarria, eta familia eredu hori delako sistema kapitalistari eta heteropatriarkalari eutsiko diena.
Emakumearen ustezko naturan, ustezko izaera naturalean, ama izateko nahia eta beharra daudela dioen doktrina da amatasunaren naturalizazioa. Emakumearen naturan amatasun sena eta umea jaiotzearekin batera sortzen den bat-bateko maitasun inkondizionala daudela dioen dogma. Azken finean, elementu historiko eta kultural moduan aurkeztu beharrean, naturaren hatzapar gaindiezinetara mugitu den sineskeria bihurtu da amatasuna. Emakumearen zapalketan laguntzen duen sineskeria, horixe baita amatasunaren naturalizazioa.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun faltsu baten aurrean gaude, eta, horra hor, tranpa. Tranpa ikaragarria. Izan ere, gezurrezko berdintasun horrekin, aukera libreen esparruan kokatu da etxera itzultzeko hautua. Librea omen, baina Amen.
Eta ez hori bakarrik; umeak haur-eskolan sartzearen erabakia hartzen duena ama txartzat hartzea lortu dute, ez delako begi onez ikusten lau hilabeteko haurra ezezagunen esku uztea. Eta, horrelakoetan, ama berekoi horri egiten zaio presio, ama desnaturalizatu eta berekoi hori jartzen da jo-puntuan. Emakumeak, behin ama bihurtuta, ama behar duelako izan, nahitaez.
Dena dela, ez dut gaizki ulertzerik nahi. Honekin ez dut adierazi nahi haurrak zaindu behar ez direnik, inolaz ere ez. Aldarrikatu nahi dudana da, ozen aldarrikatu ere, amatasuna bizitzeko moduak daudela. Gaur goraipatzen den amaren eredua, ama perfektutzat jotzen den hori, eraikitako eredua da, historikoki eta kulturalki bere garapena izan duena. Adierazi nahi dut emakumeak emakume izaten jarraitzen duela ama bihurtutakoan ere; nahi, gogo, behar, eskubide eta bizi grina dituen pertsona dela. Horregatik, ama diren emakumeen jardunari bakarrik begiratu beharrean, hautatu behar izate horretara behartzen gaituzten baldintzak aztertuko nituzke. Zergatik dirau, nahiz eta batzuek ezetz esan, ama bat eta bakarra dagoela dioen mitoak? Zergatik lotzen zaio haurraren zaintza amari hain modu estuan? Zergatik ditugu zortzi orduko lanaldiak? Zergatik ditugu emakumeok lan prekarioagoak? Zergatik dago hain haur-eskola gutxi? Nolako baldintzatan daude? Zenbat balio dute?
Azken finean, esan nahi dudana da arazoa, hemen gertatzen dena arazoa delako emakume askorentzat, arazo estrukturala dela, egiturazkoa; asmo eta helburu jakinekin eraikitako mamu ikaragarria.
Amatasuna bizitzeko modu askeagoa bilatu beharko genuke; hau da, ustezko erabaki libreok benetan askeak izatea lortu, gizonak ere haurren babaz blaitu, eta ama txarraren kontzeptu dogmatikoa alboratu. Izan ere, erabaki libreen garaian gaudela uste duzu?
Alaitz Andreu Eizagirre
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!