“Hunkigarria” -Josean Bueno-
Hunkigarria
Joan den astean Parisen ospatu zuten Lehen Munduko Gerraren armistizioaren mendeurrena. Mundu osoko gonbidatu ugari bildu ziren bertara, horietako asko gobernu- eta estatu-buruak. “Bakea”, “herrien arteko anaitasuna” eta “demokrazia” bezalako hitzak errepikatu ziren, han eta hemen. Hunkigarria benetan. Imajina ezazu : bertan zeudenak, Trump, Putin, Netanyahu, Erdogan, Mohamed VI.a, Felipe VI.a honelako diskurtsoen giroan. Ez zen faltako malkoren bat isuri ez zuena.
Nik, egia esan, nahiago dut koadrila hori guztia otorduetan imajinatzea, dotore, xanpainik onena edaten, eta zerbitzariek janaririk gozoenak banatzen. Eta, bitartean, Mediterraneoko uretan, Palestinan, Saharan … eguneroko dramak. Gauzak ez dira gehiegi aldatu: garaiko testigantzen arabera, Ypresen, Sommen edota Verdunen soldaduek zikinkeria, gaixotasunak, hotza, gosea, zauriak eta heriotza egunerokoak zituzten bitartean, jauregi dotoreetan agintariek eta goi mailako militarrek bizitza eroso eta atseginaz disfrutatzen zuten.
Behintzat, Femen taldearen protestak errealitatearen ukitua eman dio ospakizunari; beren gorputzetan, ohi bezala, lemak idatzita zeramatzaten: “hipokresia desfilea” (“hipocrisy parad”) eta “gansterren jaia” (“gangsta party”). Merezi duen neurrian emakume hauen kemena eta ausardia eskertzea ez da erraza.
Niri albistegietako irudiak ikustean Gorka Knörren kanta etorri zitzaidan burura: “Euskara baizik ez zekiten horiek, morts pour la patrie”. Euskaldunak ere trintxeretan hilik geratu baitziren, bretoiak, katalanak edota okzitaniarrak bezala, guztiak “Frantziagatik, pour la Patrie”. Eta gaur, haizatzen duten Europako ideal horrek zerikusirik badu Europako herriekin? Bere kultura eta hizkuntza guztiekin? Edo soilik da gerra itzelak eragin dituzten estatu horien batuketa interesatua?
Gorkaren kantarekin batera, benetan hunkigarriak diren bertso batzuk ere oroitu nituen, VIII. mendekoak, Du Fu poeta handiak idatzitakoak, Txinan:
Aseezina da enperadorea
handitzeko egitasmoetan
eta bere herriaren garrasia ez du entzuten.
Alferrik hartu dute emakume ausartek
pala eta goldea.
Nonahi karduek eta sasiek
lur mortua bereganatu dute.
Eta gerrak darrai,
eta sarraskiak ez du amaierarik.
Eta gizonen bizitzak ez du balio
oilaskoarenak edo zakurrarenak baino gehiago
Josean Bueno Saez de Albeniz
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!