Hidrogenoak ez dauka kolorerik
Bi hidrogeno atomo lotu ez gero hidrogeno molekula bat lortzen da, gas diatomikoa, hau kolorgea da. Izatekotan, hidrogenoak, plasma egoeran, purpura kolorea du, bai pelikula bezala. Substantzia hau unibertsoan topa dezakegun ugariena da. Hala ere oso arina denez, eta dentsitate baxukoa, lurretik ospa egiten du, atmosfera zeharkatuz, eta horregatik gure planetan oso urria da. Hidrogenoa eta oxigenoa elkartuz, erreakzionatzen dute, ura eta energia sortuz, energia asko, koheteak espaziora bidaltzeko haina.
Agintarien asmoa omen da hidrogeno hau epe laburrean gure hirietan modu masiboan erabiltzea, baina aipatu dugunez hidrogenoa urria da gure planetan, guk sortu behar dugu beraz. Gaur egun, gas naturala erre eta bertatik sortzen den energia, hidrogeno atomo bi lotzeko erabiltzen da, lotura horrek darama energia, hidrogenoari bektore energetiko deitzen diogu beraz. Hidrogeno mota honi, hidrogeno grisa deritzote. Hidrogeno zikina, prozesu hau kutsakorra da, gasaren errekuntzan CO2 gasa sortzen baita, berotegi efektua areagotzen duen gasa alegia, hori da hain zuzen ekidin behar duguna. Gasa erretzen denean CO2 bahitzeko tramankulua eransten badiozu prozesuari, orduan hidrogeno urdina lortu duzu. Egin daiteke, baina garestia da gaur egun. Azkenik hidrogeno berdea daukagu, honetarako erabiltzen den energia primarioa berriztagarria behar du izan (eolikoa, eguzki energia…). Energia honekin ura molekula apurtu eta hortik lortzen da hidrogeno berdea.
Azken energia mota honetan, berdean, Europar Batzordeak milioika euro inbertitzeko asmoa du hurrengo urteetan. Eta noski, Txin txin, txin txin, diruaren hotsa… Arabako foru aldundiak ez du bere aukera galdu nahi. 20 milioi euro eskatu ditu Hidrogeno berritazgarria lortzeko, eta bide batez 20 enplegu sortzeko. Energia garbietatik pentsatuko duzue? Ez. Zaborretik. Zehatzago zaborra errez. Ez dakit baina… nik honi ez nioke hidrogeno berdea deituko boteprontoan, agian marroia. Hasteko hondakinak tratatzeko modu hobeagoak daudelako, ekologikoagoak, eta bide batez Aldundiko zaborren planari erantzuten diotenak. Bestetik, ikertzaile askok adierazten duten bezala, hidrogeno ekonomia hau benetan berdea izateko logistika, garraioa, metaketa, eta mantentzearen kudeaketa perfektua izan behar du, bestela galerak egongo dira, hidrogenoa desagertzen da.
Eusko Jaurlaritza atzetik dabil ere, hitz potoloa jarri diote ingelesez noski, modernoak. Estatuak ere diru asko jarri du mahai gainean hurrengo 2-3 urteetarako. Zer irizpide zientifiko erabili diren ez dago argi. Kanpaina hutsa da, nor ote dago bere atzean? Hori badakigu. Diru askoz gutxiago erabiliz, zabor kopuru bera konpostatzen ari dira Nafarroan, ez erretzen, askoz ere enplegu gehiago sortuz. Txikia polita da, edo modernoei gustatzen zaien bezala small is beautiful, eta gure herrian badaude mila adibide txiki, baliogarri.
Dani Zuazagoitia
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!