Herritarron osasunaren desjabetzeaz…
Herritarron osasunaren desjabetzeaz…
Covid-19ak eragindako pandemiak begi-bistan utzi ditu gure gizarte eta zibilizazioaren hainbat akats, azpian aurretik ere bazeudenak, eta horiei buruzko premiazko hausnarketa egin behar da, aurreko egoerara itzuli nahi ez badugu, baldintza askoz ere okerragoetan gainera. Gure osasun-sistema publikoaren gabeziak; bizitzako alderdi guztiak merkantilizatzeko eta pribatizatzeko neurrigabeko joera; teknologiarekiko fede itsu-itsua, gaitz guztiak konpontzeko gauza delakoan; diruaren gurtza; izaki bizidunen (gizakiok, animaliak eta landareak) esplotazioa, dirua eta botere gehiago lortzeko helburu bakarrarekin; bizi garen planetaren suntsiketa; gaizki ulerturiko “aurrerabidea”, mugarik gabeko garapen gisa; behar ez ditugun ondasunen kontsumo irrazionala; askatasunen murrizketak eta “demokraziaren” ahulezia; gizartearen militarizazioa…
Zerrenda amaigabea da, baina unea baliatu behar dugu, gure gizartearen oinarri diren eta, oro har, pairatzen ari garen egoeraren errudunak diren alderdi hauei buruz hausnarketa egiteko. Aipaturiko alderdi horietako asko jorratu dira jada irratsaio honetan bertan eta, beraz, ez ditut errepikatuko. Baina eztabaidan nire ustez jasaten ari garen gertakarien bilakaeran funtsezkoa den puntu bat sartu nahi nuke: Medikuntza kontzeptua mendebaldeko gizarteetan. Ia soilik pazientearen medikalizazioan oinarritutako praktika bat. Gaixotasunean eta tratamenduen komertzializazioan interes handiagoa duena, pertsonen benetako osasunean baino. Gizartearen medikalizazio honek, herritarrengan arazo guztietarako sendagai espezifiko bat dagoelako ideia sortzeaz gain, gero eta arrisku handiago dakarkie planetaren iraunkortasunari eta osasunari. Non amaitzen dira pilatuta erabiltzen ez diren sendagaiak, Hirugarren Munduko herrialdeetan ez bada, antibiotikoen eta hondakin teknologikoen zabortegi bihurtuta?
Medikuntza honek alderdi biologikoa lehenesten du (gaixoaren alderdi psikologikoak, sozialak edota emozionalak alde batera utziz); espezializazioa bultzatzen du, medikuntza integralean ez bezala; eta farmakoak erabiltzen ditu ia edozein gaixotasun edo enbarazu tratatzeko. Eta argi daude ondorioak: familia-medikuaren desagerpena, medikuntzaren deshumanizazio progresiboa, gizartearen medikalizazioa eta medikuntza negozio bihurtzea izan dira.
1976an jada, Ivan Illich-ek, bere “Nemesis médica” lanean, aurrerapen teknikoek eta osasun-sistemek herritarren osasunaren desjabetzean duten eraginaz hausnarketa egin zuen.
Ez dut ukatzen, azken mendean medikuntzaren arloan egin diren aurrerapen handiak… baina nire ustez, egungo osasun-sistema gizarte medikalizatu eta beldurtia sortzen ari da.
Hau dela eta, lehen mailako arreta sustatzea aldarrikatzen dut, eta osasun-zentroetan, familia-medikuarekin batera, mediku-nutrizionista bat ere egotea, dieta pertsonalizatuak eginez, gure gorputzak osasuntsu mantentzen laguntzeko edota, hauek gaixotzen direnean, beren sendatzeko prozesuan aktiboki parte har ditzaketen. Eta pazienteengan zentratutako laguntza, haiekin batera erabakiak har dezaten erraztuz.
Mikel Lacalle (Zapateneo)
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!