Herri boterearen bidean, antolakuntza eta borroka
Bilbotarra izanda, Gasteizko eta Arabako langile mugimenduarentzat, zein Euskal Herrikoarentzat, Martxoaren 3aren dimentsioaz ez nintzen ohartu hiri honetara bizitzera etorri arte. Noski, honen aurretik, ezagutzen nuela gertakari hura, eta banekiela Martxoaren 3 guztietan aldarrikapena eta mobilizazioa kaleetara ateratzen zenutela gasteiztarrek. Oroimenean gordeta ditut 2006ko irudiak, urte horietako errepresioaren gordinkeria “todo atado y bien atado” jarraitzen duenaren berrespena izan baitzen.
Gasteizera etorrita, eta zehazki Errekaleor Auzo Askean bizi izanda, Martxoaren 3-a egutegi politikoan gorriz margoztatutako eguna izatera pasa zen. Urte guzti hauetan hitzaldi, solasaldi, eztabaida, ekimen eta omenaldi ezberdinetan parte hartu izan dut.
Data hau ikuspuntu ezberdinetatik oroitu egiten da, ideologia ezberdinetan kokatuta dauden militanteek beraiena egiten duten heinean. Hauetako gehienetan “Botere guztia Asanbladarentzat!” leloa goraipatua izan ohi da, baina esaldi honen atzean azterketa edota errealitatearen falta sumatzen nuen nik Gasteizen emandako lehenengo urteetan.
Hau dela eta, langileen borroka honetako kidea izan zen emakume militante bati behin hurrengo zalantza luzatu nion. Erreboltaren bat-batekotasuna zalantzan jarrita, asanbladaren antolakuntza eredutik halako indar erakustaldia sustatzea posible zela pentsatzea zaila egiten zitzaidala. Militante eta langile horren erantzuna izan zen, garai horietan lantegi eta auzoetako asanbladetan parte hartzen zuten kide askok antolakunde ezberdinetan militatzen zutela modu anonimoan bazen ere. Hots, formakuntza, estrategia eta helburu politiko zehatzak definiturik zituzten, eta hortik abiatzen zuten haien praktika bestelako markoetan.
Hori ekarri nahi dut gogora Martxoaren 3 honetan, asanbladarentzat boterea aldarrikatzea egokia iruditu arren, botere honen sustraiak eta indarrak nondik abiatzen diren jakitea ezinbestekoa delako, berriz ere horrelako indar metaketa sustatu nahi badugu behintzat.
Hortaz, egun honetako esamolde famatu honen atzean antolakuntza eta formakuntza dagoela ez azpimarratzea akatsetara eraman ahal gaitu. Zapalkuntzak sortzen duen amorrutik garaipenerako bidea zeharkatzeko, nora heldu nahi dugun argi izan behar dugun bezala, zelan lortuko dugun jakitea nahitaezkoa da, eta nola ez, hau posible egiteko, errealitatearen azterketa egokiaren premia dugu. Ondorioz, estrategia, helburuak eta formakuntzaren beharra dugun heinean, antolakuntza ezinbestekoa dugu.
Hemen adierazi dudanaren isla den, eta Euskal Herri Langilearen Historiaren partea den bestelako esaldi ospetsu bat ekarri nahi dut gogora. Argalarena, hain zuzen ere: “Soilik ongi antolatutako herriak lor ditzake helburu handiak”. Momentu honetan, ez dugun boterea asanbladarentzat aldarrikatzea antzua iruditzen zaidalako, eta boterea eskuratzeko antolakuntzaren aldeko apustua egiteko unea delakoan baitnago. Beraz, Martxoaren 3 honetan, kaleak hartzerakoan, izan dezagun buruan antolakuntzaren beharrezkotasuna.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!