Hegoa Bizirik, Gasteizko hegoaldeko bizi kalitatea defendatzeko ekimena
Arabako hiriburuko hegoaldeko kontzejuek eta auzo elkarteek urtebete daramate zuzenean eragiten dieten alderdietan lan egiteko topaguneak sortzen.
2022ko ekainean, komunikabideetan hegoaldeko ingurabidearen lehen berriak agertu zirenean, hainbat esparrutako pertsonek biltzea erabaki genuen. Izan ere, hegoaldeko ingurabideaz gain, zuzenean eragiten ziguten alderdi gehiago zeudela ikusten genuen: Iturritxu-Maite Zuñiga ardatzaren bikoizketa, tranbiaren garajeak Aretxabaletan kokatzea, autobusen joan-etorria Salvatierrabide kalean, udal zabortegia, udalaren komunikazio falta…
Horiek horrela, Berrostegietako, Gardelegiko eta Lasarteko kontzejuek, Adurtzako, San Cristobaleko eta Batango auzo elkarteekin batera, manifestu bat jarri genuen martxan, hegoaldeko zein hiriburu osoko elkarteen babesa jasotzeko, bi ardatz oinarri hartuta:
1. Auto partikularra gehiago erabiltzea ez erraztea eta, horretarako,
– garraio publikoa sustatzea eta hobetzea, bai hirian, bai inguruko herrietan;
– industrialdeetarako garraio publikoa hobetzea;
– inguruko ikastetxeetara iristeko bizikleten eta MPIen erabilera are gehiago bultzatzea;
– bizikleta eta MPIentzako azpiegitura egokia sortzea.
2. Udalak ematen duen informazioa hobetzea, eta hiriko inguru honetarako eta gainerakoetarako mugikortasun konponbideak bilatzeko orduan herritarren parte hartzea ahalbidetzea,
– komunikazio arina izanez inguruko elkarteekin eta kontzejuekin, kezkak entzunez eta horiei behar bezala erantzunez;
– gardentasunez, Udalarekin zuzeneko komunikazio kanal bat izanez, parte hartzeko beharrezko informazioa izateko, eta, hala, ezagutza objektiboa eta datu errealak edukitzeko inguruko mugikortasun gaiei buruzko jarrerak hartzean;
– ingururako mugikortasun aukerak bilatu, balioetsi eta erabakitzerakoan herritarrek parte hartzeko aukera izanez.
Dokumentu hori honako hauek izenpetu dute:
– Sansomendiko auzo elkartea
– Eguzki
– Bizikleteroak
– Adurtza dantza taldea
– Adurtzako San Ignacio mendi taldea
– Ateneo republicano
– Gasteiz Txiki auzo elkartea
– Erreka Txiki auzo elkartea
– Judimendikoak auzo elkartea
– Errota Zaharra auzo elkartea
– Uribe Nogales auzo elkartea
– Betiko Gasteiz auzo elkartea
– Zazpigarren Alaba auzo elkartea
– Bizi Lakua auzo elkartea
– Bost Urki auzo elkartea
– Jai-Alai de Adurtzako pilota kluba
– San Ignacio futbol kluba
– Gaztelu de Arizvavarra auzo elkartea
– Olarizuko Gazte Asanblada
– Zumabideko auzokideen erkidego bat
– Mendiolako kontzejua
– Monasteriogurengo kontzejua
Bigarren fasean, udal ordezkaritza duten alderdi politikoekin harremanetan jarri ginen, Gasteizko hegoaldeari dagokionez, zer jarduera ildo duten jakin nahi baikenuen.
EAJrekin izandako bilera izan ezik, PSOErekin, EH Bildurekin, PPrekin eta Podemosekin izandako bilerak eztabaida zintzorako eta ideiak trukatzeko giroan egin ziren. Lau alderdi horien planteamenduekin ados gauden ala ez alde batera utzita, nabarmendu nahi dugu prest agertu zirela ideiak kontrastatzeko eta trukatzeko komunikazio kanal ireki bat izateko.
Hurrengo pauso garrantzitsua maiatzaren 17an egingo den martxa izango da, zeinaren helburua izango baita Iturritxu-Maite Zuñiga ardatza bikoiztean Hegoaldean bizi garenok eta, oro har, Gasteizko herritar guztiok are arrisku handiagoan biziko garela salatzea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!