Hauskorrak
Ataka larrian jarri gaitu ditxosozko birusak: isolamendua ala kutsapena, etxeratzea ala ospitaleratzea, denok ala inor ez, dena ala ezer ez…
Eta hementxe gaude norbera bere egoerari aurre egiten, iskinik egin gabe, ihesbiderik gabe, eta hainbat kezkari edo ardurari aurre egiten. Ispiluaren aurrean jarri gaitu mundu mailako mehatxu honek eta zalantza dut onik aterako garen, azterketa gaindituko dugun.
Egunerokoan, ingurukoen imajinazio ahalmenek txundidura eta barregura eragiten didate, maila berean malkoa aterarazi elkartasun ekintza eta keinuek; baina badira eguneko ordu batzuk, batez ere albistegiak ikusten xahutzen ditudan minutu eta orduak, kezka eta amorrua baino ez didatenak sortzen, sentiarazten.
Shock egoeran gaude, shock egoeran jarri gaitu birus honek, jarri gaituzte agintariek, eta holakoetan ezer onik ez epe ertain eta luzera. Naomi Klein kazetariak ederto azaldu zigun “The Shock Doctrine” liburu ezagunean.
Akaso shock egoera hau, desastre hau, ez al da izango sistema neoliberal kapitalista honen birrantolatze anker berri bat?
Denborak emango edo kenduko digu arrazoia hemendik aurrera, baina egon gaitezen adi eta prest datorrenari aurre egiteko: kaleratzeak, soldata jaitsierak, gastu publikoaren murrizketa, bazterkeria soziala etab.
Oraingoz lortu dute kaleak hiritarrez hustu eta poliziez betetzea, imajina daiteke egoera distopikoagorik? Zer izango da hurrena, polizia-kontrol digitalaren diktadura?
Kasu!
Hauskorrak gara, eta are gehiago egin gaituzte azken hamarkadetan, ez dugu defentsa kolektiborik eta lapikokadak edo txalo zaparradak gure beldurraren isla baino ez dira.
Izuak bitan egin dit bisita gaur eta biluzik harrapatu nau bitan,
Ezkutaleku bila hari nintzen eta ez dut ahanzteko aukerarik…
Zein hauskorra naizen
Zein hauskorra haizen
Zein hauskorrak garen
Hala ere, “bertze baten itzultzeko errango diogu izuari, gaur es baitugu harentzat arrenkura bertzerik”.
Iñaki Lazkano
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!