Garai zailetatik ea zerbait ikasten dugun
Garai zailetatik ea zerbait ikasten dugun
(Patxi Goenaga, 2020-04-15)
“Beharbada, ez dituk gogoratuko nirekin” pentsatu dut azken egun hauetan, irrati honekiko neure hileroko konpromisoa bete beharrik izango ez nuelakoan. Esperantza faltsua. Hemen naiz beste behin zuekin.
Garai tristeak tokatzen ari zaizkigunak. Zailak eta tristeak. Nire azken jarduna ere ez zen oso argia izan. Baina mundu guztia uneoro corona virus horretaz ari denez, ez dakit ba zer esan. Motxila astunegia iruditzen zait egun osoan eta egun guztietan lepoan eramateko.
Baina gogoeta zenbait ere eragin dizkit niri ere egoera honek eta zuekin partekatu nahi nituzke horietako batzuk zuen baimenarekin.
Kontua da gauzak ez direla izango berdinak hemendik aurrera. Baina hobeto joango direla pentsatzeko obligazioa dugu. Hemendik zerbait ikasi behar dugu. Itxialdiko aste hauetatik ondorio batzuk atera behar ditugu. Lanera joan beharrik ez izateak bere abantailak baditu. Ni neu aspalditik nago lanetik erretiratua. Horrek, ordea, ez du esan nahi lanik ez dudala.
Orain lanera ez joateari beste zerbait gehitu zaio: etxetik ezin irten. Beraz, lanean segitzeko denbora gehiago. Orduan, etxean konfinatua. Kanpokoekin harremanak telefonoz, telebistaz, internetez, wattsapez…. Etxetik izen irten baina alde guztietatik mezuak, gogoetagaiak.. Jendeak ixilik egon nahi ez duenez, mezuak eta mezuak bidaltzen, batzuetan errepikaturik, beste norbaitek egindako eta bildutako videoak, okurrentziak, graziak eta …desgraziak. Gero horiek denak ezabatu egin behar nagikeriak jota eta mezu pila baten azpian ito beharrean.
Itxialdiak uhin elektronikoez gainera, kanpoko irudiak, argia, euria, haizea, hotsak, kazolenak eta txaloenak, adarrarenak, txistuarenak, hurbiltzen dizkit etxeko leihora eta begi-belarrietara. Gogorra da etxean ezin kanpora irtenik egon beharra. Baina etxera iristen diren mezuen artean entzuten baduzu: “txarra bai, baina etxerik ere ez duenak zer egin behar du? Non konfinatu? Beste batzuk itsasoan galtzen dira, etxetik ihesi
Haurrei ere beren eskolak itxi egin dizkiegu, kaleak ere itxi egin dizkigute, lagunen eta aiton-amonekiko harremanak eten. Honek zer ondorio ekarriko dizkigun, nork daki? “Txakurrek tratu hobea gure haurrek baino” esaten dute batzuek. Ezinbesteko neurria izan dela pentsatu beharko dugu. Lortu nahi den helburua lortzeko aukera hoberik ez bada, onartu egin beharko. Zeren balio al du esateak “hartutako neurriak lehenago hartu izan balira”, edo nahiago baduzue, “beste neurri batzuk hartu balira, beste kontu bat izango genuen”, etab. Horiek ‘konrafaktualak’ dira balizko iraganekoak. Agintariek asmatzen ez badute, “ikusi ostean denok jakitun” esan beharko. Une zailetan erabaki zailak hartu behar dira. Eta asmatu egin behar da. Konrafaktualetan gelditzea oso erosoa da. Baina agintea dutenek erabakiak hartzeko, agintea ez dugunoi geure proposamenak egitea eta soluziorik hoberenak bilatzen laguntzea da.
Oso egoera gogorrean gaude. Ondorio latzak izango ditu, geroago azaleratuko direnak. Horiei erremedioa bilatzen saiatu behar genuke oraintxe bertan hasita, nor bere kolkoari eta poltsikoari begira egon gabe.
Krisia amaitutzat emango da noizpait. Baina orduan zer? Garbi dago gauza asko aldatu direla eta beste hainbat gehiago ere aldatuko direla. Hori ikasi ez badugu ez dugu ezer ikasiko.
Denek aipatzen dute krisi honek ekonomiari ekarriko dion motelaldia. Mundua pobretu egin da eta pobreenak pobreago. Oso aberatsak igarri ere ez, beharbada.
Eta honen haritik, gogoetatxo bat: zer da zuhurrago, gaixoak sendatzen gastatzen ari garena ordaintzea, gizartea, enpresak eta abarrak berreraikitzen gastatuko dugun hori ordaintzea eta hurrengoa datorrenean ere berdin egitea, kalteak denon artean ordainduz orain bezala? Ala hurrengo krisialdiari aurrea hartuz, ikerketan, zientzian, hezkuntzan, teknologian, naturaren zaintzan… gastatu? Haurren hezkuntzan ere dirua gastatu behar da. Zuhurtziak hori eskatzen du. Itxialdiak holako gogoetetarako aukera ere ematen du: ateak itxita ditugun arren leiho guztietatik sartu behar zaigu izadiaren aldarria. Hori behintzat ikasiko ahal genuen! Hala biz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!