Frantziar estatuaren epidemia
Frantziar Estatuan epidemia ari dira pairatzen , eta ez da bakarrik COVID-19arena.
Arazo larria dute. Horko baserritarrak buruaz beste ari dira egiten, eta gutxi balitz, buru hiltzeak saihesteko programa orokor bat bazuten martxan aldez aurretik. Noski, bilatzen duenak topatzeko arriskua du beti, eta hor agertu dira baserritarrak burua hiltzeko joera omen duten lanbideen artean.
Nahiz eta behingoz Hego Euskal Herritik ikasi beharko zuten. Ez begiratu, ez entzun, ez bilatu ez topatzeko, eta kasualitatez horrela gertatzekotan, ezkutatu. Finean denok dakigu politika neoliberalek gure herriko bazter hau Arkadia zoriontsua bihurtu dutela pentsatzen badugula oso fuerte, egia bihurtuko dela hau. Komunitateen auto-laguntzarako liburua egongo balitz hauxe esango zuen behintzat.
Baina bueno, Frantziar Estatukoa ez du buelta jadanik, beraz ohi moduan, egoera aztertzeko komite bat jarri dute martxan. Neurririk ez momentuz, egitasmo handiak.
Nekazaritza ministroak gaurtik aurrera buru belarri jarriko dela gaiarekin esan du, (2017an sektorea 700 pertsonen buru hiltzea salatzeko kalera atera zen, hiru urte geroago ministroa buru belarri jarri da, 700 bider 3 berdin 2.100, ez nuke gehiago esan gura).
“Ekintza plan operatibo bat” agindu du baita. Toma! Benetan baserritar gutxi gelditu behar zaiela ekintza plan operatibo bat martxan jartzeko! Barre egiten duen behiak ez ote duen izango nork kili-kili egin igual.
Ekintza plan operatibo horretan, (benetan asmo sendoaren itxura hartzen duela zerbaitek horrela deituta), hiru asmo zehatz; baserritarrak depresioaren nozioa hobeto ezagutaraztea (estigmatizatu barik esaten dute, ea inork pentsatuko baduen izorratuta egotea nor beraren kontua bakarrik dela), suizidioaren arrisku faktoreak tokian tokiko mapatu eta eragile desberdinen arteko koordinazioa hobetzea.
Erratuta egon naiz, aipatu dudan auto-laguntzarako liburu hori existitzen da eta hauek erosi dute.
Bakardadea ere aipatzen dute hor nonbait, baina baserriko bakardadea ez da fisikoa eta hau ez dute nahi izango ulertu. Kapitalak sortu du bakardade hau bere negozioen mesedetan baserriaren funtzio soziala ordezkatzen saiatu denean. Ez dugu konponduko baserritar bakoitzaren ondoan holako coach emozional bat jartzen ez.
Nik, ez naizela aditua eta inoiz ez dudala ekintza plan operatibo bat egin, pentsatu dut; erakutsi diezaiogun baserriari bere funtzioak gure bizitzan ezinbestekoa jarraitzen duela izaten, apurtu dezagun behingoz prekariook besteen prekarizazioaren eragile izatearen sorgin gurpil hau, eman diezaiogun elikadurari eta honen benetako ekoizleei behar duten garrantzia gure bizitzan.
Beste barik, ikustearren zer gertatzen den, depresioaren nozioaren inguruko hitzaldi bat baino eraginkorragoa suerta daiteke buru hiltzeak ekiditeko.
Iñaki Urkixo
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!