Ezker Abertzaleak Mugimendu Sozialistaren aurka daraman intoxikazio kanpainaz
Etxebizitza Sindikatuak 70.000€-ko isunei egin behar die aurre etxegabetze bati aurre egiteagatik, eta udaletxeak isunak jarri bitartean, Ezker Abertzaleak diru iturriak mozten dizkio. Elkar errespeturako minimo bat beto hau altxatzea izango litzateke adibidez.
Aurreko astelehenean agerraldia egin genuen Euskal Herriko kontseilu sozialisten izenean. Bertan salatu bezala, Sortu eta EHBildu-k Mugimendu Sozialistaren aurkako eraso kanpaina daramate aurrera aspalditik, eta azken asteotan orkestratzen ari dituzten espektakulu mediatikoak ikusirik, udara begira tentsioa areagotzeko hautua egin dutela dirudi. Gure ustez auzia argia da: eztabaida politikoa galtzen ari dira, eta beraz, arrazoiaren ordez, indarraren bidez suntsitu nahi gaituzte.
Mugimendu Sozialistaren sorreratik bertatik, eztabaida politikoan sartu beharrean, Ezker Abertzaleak gure existentzia ukatu izan du. Intoxikazio estrategia erabili dute gure aurka gezurrak hedatuz: espainolistak garela, biolentoak garela, misoginoak garela… Horren helburua gure mugimendua baztertzea eta zokoratzea izan da, militantzia sozialista jasangaitza egiteko asmoz.
Esan bezala azken asteotan tentsioa igotzen ari da eta testuinguru honetan, guk argi utzi dugu ez dugula inolako interesik kaleetan gatazka areagotu dadin. Batetik gure indargunea gure proiektu politikoan bertan dagoelako, baina bestalde, gazte langileon arteko tentsio honek militatzeko baldintzak suntsitu ditzakeelako, politikarekiko desatxikimendua areagotuz. Hala eta guztiz ere, gure militantzia defendatuko dugula ere argi utzi dugu.
Gure borondatea beraz gatazka baretzearen aldekoa da, eta EHBildu eta Sortu alderdiekin negoziatzeko prestutasuna adierazi dugu jada, baina hori komunismoaren politika egiteko bermeak errespetatzearekin batera etor daiteke soilik, honakoak direlarik gure marra gorriak: militante sozialisten aurkako gezur eta difamazioak etetea, espazio publikoa erabiltzeko eskubidea errespetatzea eta txosnetako beto politikoak bertan behera uztea.
Azken honi dagokionez, jakina da Gasteizko txosnetan betatuak izan direla GKS eta Etxebizitza Sindikatua. Orain esaten dabiltza ez dagoela betorik, arrazoia espazio falta dela. Oso argi utzi nahi dut hau gezurra dela. Txosna batzordean ez da inoiz hitzik egin espazio faltaz aipatu eragileak sar ez daitezen, eta gainera, lekua soberan dago.
Etxebizitza Sindikatuak orain dela aste batzuk jakinarazi duenez, udalak mozal legearen bidez isun gehiago jarri dizkio, aurreko urteko 30.000€-ei 40.000€ gehituz. Hau da, Etxebizitza Sindikatuak 70.000€-ko isunei egin behar die aurre etxegabetze bati aurre egiteagatik, eta udaletxeak isunak jarri bitartean, Ezker Abertzaleak diru iturriak mozten dizkio. Elkar errespeturako minimo bat beto hau altxatzea izango litzateke adibidez. Gaur gaurkoz ordea ez du ematen bide hau hartuko dutenik. Are gehiago, orain arteko ibilbideari erreparatuta, Mugimendu Sozialistaren baztertze kanpainarekin jarraituko dutela ematen du eta horretarako edozein aitzakia erabiliko dute Ikasle Abertzaleak txosna batzordetik botatzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!