Ezagutuz aldatzea
Ikasturteko azken iritzi tarte honetan propaganda egitera nator. Azken hilabeteetan, inguruan egon direnek dakiten moduan, nire erretolika bihurtu den Oinharri Eskolaz hitz egin nahi dizuet gaurkoan.
Aspaldiko lagun baten bitartez ezagutu nuen proiektu hau bere hastapenetan zegoenean. Oso interesgarria izan arren, garai horretan amatasunagatik horrelako ikastaro batean parte hartzea urrun ikusten nuen, etxekoak 9 egunez banaduta egotea jasaezina egiten zitzaidalako. Bi urte beranduago barnetegian parte hartzeko gonbidapena heldu zitzaidan, lanean nengoelarik uko egin nion aukera horri. Iaz, aldiz, bestelakoa izan zen jasotako proposamena, eskoletan ordez, proiektuaren parte izateko gonbitea egin zidaten urte hasieran. Lanpetuta egonda ere, hasieratik erakarri izan ninduelako eta ezinbestekoa ikusten dudalako egungo Euskal Herrian horrelako proiektu bat, baietz esatea erabaki nuen. Beraz, 2022ko barnetegirako, txikiak eta biok izena eman genuen.
Barnetegi hura ez zen egin parte hartzaile kopuru eskasa zela eta. Ikasturte honetan, Eskola osatzen dugun hamar pertsona inguruk, buru belarri aritu dugu proiektuaren ezagutza Euskal Herrian hedatzeko eta honen bertuteak eta beharra nonahi zabaltzeko. Hala ere, udako ekimenetik hilabete batera gauden honetan, oso militante gutxik eman dute izena udako barnetegirako.
Hau dela eta, niretzat, zergatik parte hartu behar den Oinharrin eta zertan datzan Eskolaren metodoa azaltzen saiatuko naiz hurrengo lerroetan.
Eskolak ez dio erantzuten ohiko formakuntzaren eskemari. Oinharrik, eredua MST-k garatutako langileen eskolatik hartzen du, Florestan Fernandes izena duena. Elkarbizitzan eta praktikan oinarritutako metodo pedagogikoa bultzatzen du lau ikaskuntza eremu barnebiltzen dituelarik. Ohikoena edota garrantzizkoagoa izaten dena gainontzeko metodologietan, hau da teoria eta praktika poilitikoarena, besteek duten pisu bera du. Antolakuntza lanatik barnetegia aurera egiteko eta hobetzeko behar diren markoak eta bitartekoak ahalbideratzen ditugu. Komunitate lanetan, taldea eta ekimena bera bizitzeko beharrezkoak diren zereginen banaketa komunitarioa egiten dugu. Azken bi eremu hauek, aipatutako praktikaren gaineko etengabeko irakaspenak ateratzeko premiazkoak dira. Laugarren eremuan, Kultura deiturikoan, Barnetegiaren garapenerako tresna diren taldearen izaera eta nortasuna lantzen dira. Baina aldi berean, kultura askatzailea zelan sortu teorikoki eta praktikan ere aztertzen dugu.
Eremu bat ez bada bere horretan, Oinharri Txiki aurkeztu nahi dizuet ere. Militantziaren ziklo laburra dela eta, militanteen kopuruaren gehiengoa gaztea izatea ohikoena da eragile gehienetan, gurasoak diren kideen jarduna suspertzeko bitarteko kolektiboen falta baitugu Herri Mugimenduan. Oinharrin aldiz, hasieratik txikien presentzia egon da, baina azken urteetan esperientzian sustraitutako jauzi kualitatiboa eman zen txikien parte hartzean. Zaintza soil bat bermatzerik proiektu pedagogiko propioa garatu zen txikientzat, tokiko curriculum-ean eta proiektuen bidezko lanaren arabera diseinatuta dagoena. Haurren zaintza kolektiboaren erantzunkizuna da baita.
Baina zergatik Oinharri Eskola-n parte hartu eta berau indartu?
Etengabeko formakuntza eta ikasteko jarrera aktiboa militantzian premiazkoa da, baina ez soilik ikuspuntu teoriko batetik, baizik eta aztertutako zenbait teoriek ematen dizkiguten tresnak praktikan jartzerakoan irakasten digutenaren abiapuntutik. Maxima honekin burutzen dugu ere parte teoriko-praktikoa Oinharrin, ulertuta, saio batean eduki teoriko batzuk aurkezten direnean, irakaspen bakarra ez dela plazaratutako edukia, baizik eta idei horietatik ondorioztatzen dugun lan kolektiboa. Honetaz gain, Oinharrin materialismo dialektiko eta historikoa iparrotza izanda, pentsamendu metodoa ikertzen dugu, pentsatzen hasteko lehenengo tresnak mahai gainean jartzeko asmoarekin. Egunerokotasunean jarduten dugun eragileak norabidetzeko funtsezkoak diren koiuntura analisiak egiten ikasten saiatzen gara ere.
Beraz, egungo Euskal Herrian, kalearen indarra eta herri antolakuntza ahulago dagoen honetan, baina aldi berean, auzo eta herri eragile berrien loretzea ikusten duena baita, nahi ta nahi ez, sustatu eta probestu behar ditugu Oinharri Formakuntza Politikorako Eskolaren bezalako egitasmoak. Formakuntzari esker garaipenarako bidea argiago izango dugu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!