“Ez dezagun hutsik egin” -Oier Azkarraga-
Maiatzaren 6an Gorbeialdeako Zuia, Zigoitia eta Aiaraldeako herrietan burutuko dira Herri Kontsultak Gure Esku Dago taldeak antolatuta. Ez da lehenengo aldia Araban horrelako kontsultak antolatzen direna, Gorbeialdeako hainbat herritan egin izan dira aurrez, bereziki nabarmentzekoa delarik Aramaion egindakoa erroldaren erdiak baino gehiagok independentziari bai esan ziolarik.
Lehenengo kontsultak ez badira ere, garrantzi bereziko data izango dugu Maiatzaren 6koa, Araban inoiz egin den Herri Kontsulta handienak izango baitira, inoizko herritar kopuru handiena deituta baitago hautestontzietara.
Gorbeialdeako herrietan, eta baita Araba osoan ere, aspaldi gaude egun honi begira, Gure Esku Dago sortu zenetik, ekintza ugari egin dira erabakitze eskubidearen alde, Durango eta Iruñea lotu genituen, Gasteiz bete genuen eta gure txikitasunean ere, plazak eta kaleak bete izan ditugu.
Baina indar erakustaldietatik haratago, Gure Esku Dagok txikitasunean eragin du, galduta zeuden aliantza eta konfidantzak berreskuratzen lagundu digu, jende berria batu dugu bidera eta ilusioak piztu ditugu, bide amankomun batetan aurrera urratsak emanez, tentuz, prisarik gabe, ahotsa altxatu gabe, egin dugu honainoko bidea.
Bide horretan ikusi dugu eliteetan eta nazional mailan ezinezkoak direnak, posible direla hurbiltasunean. Rafa Diezek aipatzen duen bezala, ez dago eliteen arteko Maltzagarik, baina Maltzagara heldu gaitezke, herrietan egiten dugun lanaren bitartez, bide orriak zehaztuz eta mugariak markatuz. Jakin badakigu, posizio batzuk mugiaraztea zaila izango zaigula eta autonomismoan anklatuta daudenak nekez mugituko ditugula Euskal Estatuaren aldarrikapenera. Bide horretan ordea, urrats batzuk ematera eraman ditzazkegu eta horietako bat da, Maiatzaren 6an burutuko duguna.
Horrelako kontsulta bat antolatzea ez da ohituta gauden bestelako ekimen bat antolatzea bezala, sukalde lan handia behar du eta horretan murgilduta egon gara herrietako talde motoreetako kideak. Eragile legal bat sortu, papeleoak egin, sinadurak jaso, sinadurak aurkeztu, hauteskunde araudiak bete… traba ugarirekin ere topatu izan gara bidean, zentsoak izateko ezintasuna, eta hortaz, bozkatu behar dutenen zerrenda zehatzak izateko ezintasuna, muga legalak… estatuak ez baitu kontsulta hauen zilegitasuna aitortzen, baina gu mundu mailan behar diren gardentasun parametro guztietan kokatzen baitugu, ez dezaten inolaz ere, dugun zilegitasuna zalantzan jarri.
Galdera aukeratzea ere eztabaidaz jositako bidea izan da, eta eztabaida horiek bideratzeko gaitasuna izateak ere aurrerantzean lagunduko digu. Ideia hau laburbiltzeko, bi posizio nagusi zeuden galdera aukeratzeko momentuan: bata erabakitzeko eskubidearen ingurukoa litzateke, galdera bera eskubide hori dugun edo ez jartzen zuen eztabaidagai. Beste aukerak, eztabaida hori gainditutzat eman eta zuzenean Euskal Herri burujabeaz jarduten zen.
Eztabaida hauek, marko ideologiko eta politikoen gainetik, zentzudunera eramanez, eta horrela kontsentsuaren bidez gainditu izanak, konfidantzak indartu ditu. Ez da izan gehiengoaren erabaki soila, guztion ulermenarekin egindako bidea baizik.
Ekimen honek beste onura batzuk ere ekarri dizkigu, azkenaldi honetan aldarrikatzen ari garen lan molde eta militantzia eredu berriekin bat egiten duen dinamika da, eta filosofian hain argi baina praktikan hainbeste kostatzen zaigun horrekin bat egiten du guztiz. Hau da, lortu izan dugu herri masa handien aktibazioaren bitartez aurrera eramatea lan hau, auzolanaren bitartez antolatzen, bakoitzak nahi duen bidetik eta nahi duen heinean ekarpena eginez eta ekarpen guzti horiek baliogarriak direla ulertuz eta ulertaraziz.
Aktibazioan ez ezik, herri sektore zabalen ideologizazioan ere baliogarria izan da bide hau, orain artean alderdi oso ezberdinen orbitetan zeuden kideak edota ideologizatu gabe ere zeuden herri sektoreak batuz eta lanean jarriz. Jende hori lanean mantentzea lortzen badugu eta beste sektore batzuetan inplikatzea lortzen badugu, Herri Mugimenduarentzat aktibo politiko handiak lortuko genituzke.
Maiatzaren 6a, eta harekin Gure Esku Dagoren dinamika osoa beraz, onura handiak ekarri dizkigu herrietan, baina ezin dugu ahaztu zertaz ari garen: Maiatzeko lehen igandean egingo duguna, erabakitze eskubidearen aldeko aldarrikapenetik haratago, Euskal Estatuaren aldeko ekimen erraldoia izango da, egun horretan herriz herri ehunka herritar kalera atera eta herri berri bati BAI esatera goaz.
Bide honetan independentziaren alde lerrokatzen garenok, argi eduki behar dugu zer den guretzat garaipen bat, beste guztia porrot bat izango ez bada ere. Gakoa ezin da ehunekoetan jarri, jende mobilizazioan baizik, baina gure herrikideen erdiak baino gehiagok independentziaren aldeko hautua egingo balu, Euskal Estatuaren poiektua gauzatzea askoz gertuago izango genuke.
Maiatzaren 6an beraz, Arabako herritarrok zita garrantzitsua dugu, bai bozka ematera deituak gaudenak, baita babesa emateko aukera paregabea dugunok ere. Zentsu horretan Arabar guztiak deituak gaude egun horretan plazak eta urnak betetzera. Ekainaren 10ean ere, Araba zeharkatu eta Gasteizen amaituko den giza katea dugu. Badira bi zita garrantzitsu hurrengo aste eta hilabeteetan erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenari lotuak, ez dezagun hutsik egin!
Oier Azkarraga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!