Euskara eta generoa
Emakumeen nazioarteko eguna ospatu berri dugu, eta, horrekin batera, euskararen eguna ere bai nonbait. Baina, zergatik nahasi euskara emakumeekin?
Euskararen eta generoaren arteko harremanik ba ote dagoen ikusteko, errepara diezaiegun datu zehatz batzuei.
ARRUE ikerlerroaren arabera, Lehen Hezkuntzako umeen artean, eskolako euskararen erabilera neskengan hiru puntu handiagoa da mutilengan baino, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere alde hori bi puntu ingurukoa da. Eskolako testuinguruan, beraz, nesken portaera gertuago dago euskaratik, nahiz eta mutilekiko distantzia oso handia ez den.
Bigarren datua: 2016ko HIZKUNTZEN ERABILERAREN KALE-NEURKETAk erakusten du euskararen erabilera puntu bat edo bi handiagoa dela emakumezkoen kasuan gizonezkoen kasuan baino, joera horren salbuespen bakarra talde adinduena izanik.
Hirugarren datu batek diosku MINTZAPRAKTIKA nagusiki jarduera femeninoa dela; izan ere, 2010ean egindako ikerlan baten arabera, ekimen horretan parte hartzen zuten emakumezkoak % 60 ziren eta gizonezkoak % 40 baino ez.
Azken datua: 2018ko EUSKARALDIAN izena eman zutenen artean, emakumeen presentzia gizonezkoena baino askoz handiagoa izan zen; alegia, % 70 eta % 30, hurrenez hurren.
Bestalde, bertsolaritzan joera bereko beste adibide bat dugu, emakumeak diren bertsolariek feminismoarekin duten konpromisoa begi bistakoa delako.
Beraz, badago nolabaiteko joera euskara eta generoa eskutik joateko, eta lotura hori itxaropentsua da. Izan ere, mendekotasuna pairatu edota egoera zaurgarrian daudenen arteko uztartzea, oso egokia izan daiteke bestelako mundu bat eraikitzen has gaitezen.
Iñaki Martínez de Luna
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!