Euskal Herriko gazteluak
Euskal Herrian, Erdi Aroan, hainbat gaztelu eta dorretxe eraiki ziren eta haiei buruzko erakusketa bat dago Gasteizko BIBAT museoan maiatzaren 1a arte. Erakusketa Bizkaiko Arkeologi Museoak sortu zuen eta Iñaki García Camino eta José Ángel Lecanda historialari adituek egin dute haren edukia.
Harrian eraikitako lehen gazteluak X. mendekoak direla uste dute historialariek (Xabierkoa da datatuta dagoen lehena) eta ezagunenak Nafarroako eta Gaztelako erresumen arteko mugak zaintzen zituztenak dira, errege eta jaun handien ordezkariek kudeatuak lurraldea zaintzeko.
Baina XI. mendearen bukaeratik aurrera, aldiz, feudalismoa iristen da Euskal Herrira eta jaun eta noble gehienak beren lurretan dorreak eraikitzen hasi ziren. Dorretxe hauen helburua inguruko lurraldea eta populazioa kontrolatzea zen: indarraren bidez nekazariei errentak kentzen zizkieten bizi ahal izateko. Gainera, jaun haiek beraien artean borroka egiten zuten, besteak ahuldu asmoz eta inguruko errenta eta jabegoak eskuratu asmoz (errotak, zubiak, etab. bereganatu zituzten eta beste biztanleei erabiltzeagatik kobratu egiten zieten; bestalde, burdinolen eta mendiko baliabideen kontrola izaten ere saiatzen ziren).
Denborarekin, Erdi Aroaren bukaera aldera, errege-erreginek indarkeriaren eta gerraren monopolioa eskuratu zuten eta hiribilduetako biztanleek eta haiek babesteko sortutako anaidi edo ermandadeek lagunduta, jaunek bortxakeria gutxitu eta erregulatu egin behar izan zuten. Dorretxeak jauregi bihurtu ziren eta boterearen sinbolo bihurtu ziren, indarkeria bideratzeko babesleku baino. XVI. mendetik aurrera izaera eta funtzioa galdu zuten (beste eraikin batzuen esku) eta XIX. mendean erromantizismoaren eraginez, haien aurriek xarma sinbolikoa bereskuratu zuten eta batzuk gureganaino iritsi dira.
Micaela Portilla jakintsuak bere tesia egiteko ikertu zituen dorre eta gaztelu hauek nola eraikitzen ziren eta izan zuten eboluzioa eta haietan nola bizi ziren jakin nahi izanez gero, erakusketa honek ikuspegi zuzena eta ulergarria ematen du (Sormenen museografiaren laguntzaz). Gainera bi bideo daude Santi Yanizen irudi bikainekin.1
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!