Etorkizunetik, maitasunez!
Noizean behin beharrezkoa da atzera begiratzea, iraganera, non gauden eta honaino nola heldu garen hobeto ulertzeko; bai eta norantz abiatzen garen ere antzematen saiatzeko.
Iraganera begiratzean historian zehar zibilizazio handiak bat bestearen atzetik desagertuz joan direla ikus dezakegu. Historiak Kultura guztiek beren iraungitze-data dutela esaten digu.
Arnold Toynbee historialari britaniarra, joan zen mendean, antzinako zibilizazio garrantzitsu batzuk aztertu ondoren, ondorio honetara heldu zen: “zibilizazio handiak ez dira desagertzen hil egiten dituztelako; bere buruaz beste egiten dutelako baizik”. Egia bada ere askotan beste faktore batzuek autosuntsiketa horri laguntzen diotela.
Har dezagun, adibidez, Erromatar Inperioa. Gaixotasun askoren biktima izan zen; beraien artean “neurriz gorako hedapena”; “aldaketa klimatikoa”; “ingurumen degradazioa” eta “gidaritza edo lidergo txarra”. Baina benetan desagertu egin zen V. mendean, bisigodo eta bandaloek Roma suntsitu zutenean.
Zibilizazio handien goraldi eta gainbeherak esan diezagukete ezer gure zibilizazioaz? Zeintzuk dira suntsiketa azkartu edo moteltzen duten faktoreak? Ikus ditzakegu antzeko adierazleak gaur egun? Nekazaritzan oinarritutako inperioetan gertatutakoaz atera ditzakegu gure zibilizazio postindustrial kapitalista honetarako baliogarriak izan daitezkeen ondorioak? Baietz esango nuke nik.
Gaur egun, noski, gure garapen teknologikoa izugarria da. Baina honek ez digu bermatzen gure antzinakoek pairatu zituzten mehatxuei inmuneak garela. Eta, nire ustez, Zibilizazio handien patuak zerbait esan dezake gure etorkizunaz. Horrela bada, aztertu ditzagun zeintzuk izan diren suntsipen historiko handien aurretiko eragileak. Antropologo, historialari eta beste pentsalariek hauek proposatu dituzte:
Aldaketa klimatikoa. Honek uzta urriak, gosete handia eta desertifikazioa ekarri ditzake…
Ingurumen degradazioa. Baso-soiltze, uraren kutsadura, lurraren pobretzea, biodibertsitatearen galtzea…
Berdintasunik eza eta oligarkia. Elkartasunaren desagerrarazle eta istilu politikoen sortzaileak…
Konplexutasuna. Burokrazia…
Kanpoko eragileak. Gerra, ezbehar naturalak…
Gai honetaz liburu eta artikulu asko izan arren, ez dakigu zehatz-mehatz zergatik desagertzen diren zibilizazioak; baina jakin badakigu aipatutako faktore guzti horiek eragina izan dezatekela.
Gaur egun ikusi dezakegu munduak okerrera egin duela arlo horietan: dagoeneko aldaketa klimatikoa errealitate ukaezina da; aberats eta txiroen arteko ezberdintasuna handitzen doa; mundua gero eta konplexuagoa bilakatzen ari da eta gure ingurumenarekiko eskaera planetaren kapazitatea gainditzen ari da… Katastrofista ez izatearren, ez nuke esango gure zibilizazioaren desagerpena saihetsezina dela. Jakin badakigu egin behar dena. Baina jakin badakit ere politikariek ez dutela inolako borondaterik ezer egiteko eta hautezkunde garaian gaudenez, hauxe gehituko dut: “lau urtean behin politikariak aldatuz ere ez dugula ezer lortuko”.
ZAPateneo (Mikel Lacalle)
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!