“Eskuin muturrerantz” -Alaitz Amundarain-
Eskuin muturrerantz
Igandean Brasilen egin ziren hauteskundeen bigarren itzuliaren ondoren, Jair Bolsonaro Alderdi Sozial Liberaleko hautagaia izan da irabazle. 1985ean diktadura amaitu zenetik eskuin muturra ez da boterean egon. Demokrazia, konstituzioa eta askatasuna defendatuko duela esan du eta indarkeriaren eta korrupzioaren kontra lan egingo duela. Mezu honek konbentzitu ditu Brasildar asko eta kalean jendea mugiaraztea lortu du. Azken urte hauetan, bai latinoamerikan baita Europan ere, eskuin mutur alderako norabidea hartu dute hainbat herrialdek. Ezkerreko alternatiben beharra dagoela argi dago, baina ezkerra oso zatituta dago.
Mundu martxak Bilbon egin dituen topaketara hainbat herrialdeetako emakumeak etorri dira. Kurduak esaterako. Bilgune Feministak eta Askapenak antolatutako haien hitzaldi batera joateko aukera izan nuen atzo bertan Gasteizko Memoria Gunean. Brasilgo kontuak buruan nituela nebilen oraindik. Hanan Sido, Kongra Star-eko kidea eta Gülciham Simşek DBPko kideak aritu ziren hizketan luze. Kurdistango herriaren borrokaren berri eman zuten. Haien borroka ez da batere erreza baina indar handiarekin ari dira borrokan. Emakumea lehen lerroan ari da borrokan eta esperantza, irabaziko dutenaren ideia dute nagusi.
Konfederazio demokratikoaren berri eman ziguten. Guri hain interesgarriak iruditzen zaizkigun kolehendakaritza eta koalkateen irudiak aipatu zituzten gauza askoren artean. Faxisten aurka nola ari diren borrokan komentatu zuten biek eta ez zuten beharbada ezer berririk ekarri gurera baina behin baino gehiagotan komentatu zuten batasunaren kontzeptua. Elkarrekin etsaiaren aurka egiteko ideia. Herrialde batean faxismoaren kontra lan egin eta garaitzen denean beste herrialdeetarako ere onura dela zioten. Elkartasun hitza ere behin baino gehiagotan azpimarratu zuten eta hezkuntza. Mentalitatea aldatu ahal izateko beharrezkoa den lanketa. Nahikoa pista eman ziguten, batasuna, elkartasuna eta hezkuntza. Orain horiei heltzea besterik ez dugu.
Alaitz Amundarain
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!