“Errementari” -Irantzu Lekue-
Asteburu honetan aurkeztu da “Errementari” filma Euskal Herrian. Zehazki, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko zinemaren baitan aurkeztu du Paul Urkijok bere azken lana: bere lehen luzemetraia. Victoria Eugenia antzokian izan zen, jaialdi honek eskaintzen duen atmosfera bereziaren baitan.
Euskal Herriko ipuin bat hartzen du oinarri Urkijok bere istorioa garatzeko eta, pelikula hasi aurretik publikoari eskatu zion moduan, “filma umeak izango bagina bezala ikustea” da kontuan. Urtean, arduretan atzera egin eta “tabula rasa” horretan, istorioa dastatzea.
Errementari Araban kokatzen da eta hizkuntza aldetik egileek -Koldo Zuazo eta Gorka Lazkanok- XIX. mendean desagertutako euskara arabatarra landu nahi izan dute. Txalotzeko kontua Paul Urkijok komunikabideetan azaldu bezala asko zirelako gazteleraz grabatu ezkero parte hartu zezaketen aktore ospetsuak. Baina Urkijok, eta Errementari filmeko taldeak apustua interesgarriago baten alde egin zuten. Chapeau!
Filmaren nondik norakoa hau da: 10 urte pasatu dira 1833ko lehenengo Gerra Karlistatik. Arabako herrixka batean, Alfredo izeneko Diputazioko komisario bat gertakari bat ikertzen ari da, eta arrastoek basoaren sakonean dagoen errementeria beldurgarri batera daramate. Bertan, errementari arriskutsu eta bakarti bat bizi da: Patxi. Inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta demonioekin egindako tratuei buruzkoak. Egun batean, Usue izeneko neskatxa batek errementeria misteriotsuan sartzea lortzen du, eta agerian uzten du Patxi Errementariak ezkutatzen duen egia izugarria.
Ez dizuet gehiago aurreratuko gaurkoz. Hori bai, barre algarak, munstroak, drama eta mitologia uztartzen dituen film bikain honekin gozatzeko gonbitea luzatu nahi dizuet.
Gozatu detailetxoekin, gozatu Izaskunek arte zuzendaritzatik eginiko lan izugarriarekin, Errementaria ikusgarria da detaile eta atmosferan, gozatu paisaiekin, Kandido Uranga protagonistak eginten duen lan bikainarekin, Uma Bracaglia edo “Usue” umetxoaren lanarekin, emozionatu zaitezte bizitzea tokatzen zaizkion kontuekin. Eneko Sagardoi, Ramon Agirre edo Ortzi Acostaren lana ere nabarmentzekoa da baina zabaldu begiak filmak lortu dituen munstro eta deabruekin.
Agian infernua maite dugulako baina… Errementari berriz ikusteko gogoekin nago. Eta hori ez zait sarritan gertatzen.
Zorionak talde osoari. Sekulako lana egin duzuela agerian geratu da, bai horixe!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!