Errelatoarekin endredaturik
ETAren behin betiko su-etenaren ostean hasi zen errelatoaren inguruko bataila. Orduan, Jorge Fernandez Diazek argi eta garbi azpimarratu zuen: “Hay que vencer a ETA la batalla del relato sin equidistancias”. Horretarako, adierazpenez gain, diru ugari bideratu zuen, besteak beste, Gasteizen bukatzen ari den Terrorismoaren Biktimen Memorialaren eraikuntzan, edota berarekin batera idazten ari den “benetako kontakizunean”.
Hasier Etxeberria zenak testuingurua ondo islatu zuen: “Ematen du ez baduzu ETAren aurka hitz egiten edo idazten, ezin duzula beste ezer egin. Ez zara demokrata, ez zara giza eskubideen aldeko, ez zaituzte biktimek hunkitzen, hiltzaileen aldekoa zara… Conditio sine qua non da zernahitarako, edozertan hasi aitzinetik eskatzen den pasaporte etiko/moral bat.”
Ordutik hona, hainbat liburu eta artikulu argitaratu dira, eta egia esan, ez dute berritasun handirik ekarri. Duela urte batzuk “Basta Ya” plataformaren inguruan sortutako diskurtsoa errepikatzen dute behin eta berriro. Hots, ez da existitu inoiz inolako euskal gatazkarik, terrorista mitomano batzuk Estatu demokratiko baten aurkako lehia besterik ez da izan; eta bien bitartean euskal gizarte gaixoak beste aldera begiratu zuen. Mozorro ezberdinekin jantzi da mezua, historiografiatik literaturaraino, eta hedabide handiek lau haizetara zabaldu egin dute.
Kontakizun hori defendatzen dutenek antinazionalistatzat hartzen dute beraien burua, nazionalismo guztiak txarrak baitira. Era berean, badirudi nazionalismo espainola ez dela existitzen. Badakigu nazio guztiak asmatuak izan direla; espainola, aldiz, espiritu santuak sortu omen zuen.
Bestalde, Estatuko indarrek erabilitako bortizkeria anekdota hutsa besterik ez da izan; alegia, Martin Villaren teoria mantentzen da: “Lo nuestro son errores, lo suyo son crímenes“. Paco Etxeberriak torturaren inguruan zuzendutako lanak hankaz gora jarri du tesi hori. Izan ere, Joxe Azurmendik nabarmentzen duen bezala: “tortura onartzea da onartzea Estatua ez dela Zuzenbide Estatua. Eta inola ere ez dugu sinetsi nahi Basaestatu batean bizi garela”. Are zailagoa da onartzea Estatuak hil egin duela; ez zen funtzionario isolatu batzuen kontua, Estatu baten estrategia bat baizik. Horregatik, biktima batzuk bigarren mailakoak dira, eta beste batzuek ez dute ezta inolako onarpenik.
1978ko erregimenaren sakralizazioa ez da berria, hori dela eta, are kezkagarriagoa da Frankismoaren zuriketa. Pau Casanellasek eta Daniel Escribanok horretaz ohartu ziguten: “Euskal Herriko sektore politikoren batek borroka armatuari eutsi izana estakuru moduan erabili izan dute frankismoaren izaera errepresiboa leuntzea helburu duten diskurtsoa eta politikak taxutzeko. Eginkizun horretan, historia itxuragabetzea, zapalkuntza frankistaren adierazle nabarmenak aintzatestea eta borrokalari antifrankistak gutxiestea batera etorri dira”.
Zilegi da edozein kontakizun defendatzea, zilegi ez dena errelato hori inposatzea da, eta benetan kezkagarria da edozein kritika isiltzea edo terroristatzat hartzea. Ez da kasualitatea egia ofiziala zalantzan jartzen duten raperoak zein twiteroak espetxeratuak izaten ari direla. Nire ustez, errelato bakarra pentsamendu bakarraren adierazlea besterik ez da. Finean, batzuek neutraltasunaren eta objektibotasunaren bandera zabaltzen dutenean, niri Ruperren bertsoak etortzen zaizkit burura: “Nik ere nahi nituzke halako segurtasunak eduki, baina gauzak zer diren, kontuak ez zaizkit ateratzen ongi”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!