“Errekaleorreko argia hiri neoliberalaren aurrean” -Jon Martínez-
XX. Mendeko bigarren aldian Gasteizko morfologia guztiz aldatu zen, industrializazio prozesu azkar bati esker bere populazio biderkatu zen denbora tarte labur batean, hori dela eta, auzo berriak agertzen joan ziren, tartean, Errekaleor. Secretariado Social Diocesanok bultzatua “Mundo Mejor” etxebizitza kooperatibak 1958 eta 1961 urteen artean auzoa eraiki zuen hiriko hego-ekialdean, hirigunetik isolatuta. Behin behineko soluzioa izan behar zena behin betiko bihurtu zen.
Biztanleen gehiengoak ezaugarri komunak zituen, hots, Iberiar Penintsulako hegoaldetik etorritako langileak ziren. Hasieratik Errekaleor administraziotik baztertuta izan zen, horregatik, bizilagunen artean komunitate nortasun indartsu sortu zen. Gizarte Etxea auzoaren bizitza sozialaren bilgune bihurtu zen eta 1977an sortutako auzo elkartearen hazia. Udaletxearen utzikeriaren aurrean bizilagunek askotan autogestioa erabili zuten, adibidez, auzoa bere kabuz asfaltatu behar zuten.
Auzokide horien artean zegoen Extremaduratik etorritako Romualdo Barroso langile nekaezina, berak paper aktiboa hartu zuen auzoaren bizitzan zein sortzen ari zen langile mugimenduan, eta 1976ko martxoaren 3an poliziak izen bereko seme borrokalaria hil zuen.
Hurrengo hamarkadetan auzoren bizitza galduz joan zen, auzokide asko erdialdera bizitzera joan zirela eta, hala eta guztiz ere, auzokide askok auzoan jarraitzea erabaki zuten.
Higiezin burbuilaren urteetan, nahiz eta hormek 8812 etxebizitza huts zeudela salatzen zuten, gose espekulatiboak ase egin zuen Gasteizen, bi auzo berri egin ziren eta Errekaleor espekulatzaileen begien aurrean agertu zen. 2002an auzoa eraisteko plana aurkeztu zen urbanizazio bat eraikitzeko asmoz, eta ordutik aurrera desjabetze prozesua martxan jarri zen, auzokideen erresistentziak, ostera, prozesu moteldu zuen.
Auzokide gutxi geratzen zirenean ikasle talde ailegatu zen auzora 2013an, ordutik aurrera proiektua handitzen joan da eta gaur egun adin guztietako 150 pertsona inguru bizi dira auzoan, kapitalaren logikatik at bizitzea posiblea dela egunero erakutsiz.
Errekaleorrek hiri eredu neoliberalentzat desafio bat suposatzen du, bi ereduren arteko talka, klase altuentzat proiektutako urbanizazioa auzo okupatu eta aske bihurtu da, indibidualismo eta kontsumismoaren aroan komunitatearen izaera berreskuratu dute, auzolana eta autogestioaren printzipioak mahai gainean jarriz. Era berean bestelako gizarte eredua posible dela erakusten dute, balore alternatiboen garrantzia azpimarratuz: feminismoa, elkartasuna, elkar zaintza, autogestioa, kultura askea…
Urruntze geografikoa ez da izan oztopo hiriaren bizitza sozialean eragiteko, gizarte mugimendu ezberdinekin etengabeko elkarlana sustatuz auzoa erreferente kultural eta soziala bihurtu da. Horrez gain eredua zabaldu da hirian, azken adibidea berriki sortutako Gazte Emantzipaziorako Sarea da.
Arabako erdialdean euskararen arnasgunea baita, besteak beste, euskararen normalizazioa eta kanpotik etorritako pertsonen integrazioa osagarriak izan daitezkeela frogatzen dute. Euskarazko klaseaz gain, ohiko elkarrizketetan euskaldunen euskara eta etorri berrien gaztelania eta euskararen apurrak arazorik gabe elkarbanatzen dira.
Hiria borroka-lekua da eta horrela ikusi genuen argi mozketarekin, eta batez ere, Gorka Urtaranen ondorengo adierazpenekin. Hitz politen garaia igaro omen da, eta PP eta EAJren akordio txoko guztietara zabaltzen doa, kasu honetan, hiri neoliberalaren defentsa sutsuan, hots, FCC, Iberdrola edota SEAren mesedetan pentsatuta dagoen ereduaren defentsan.
David Harveyk azpimarratzen duen bezala “Urbanizazio kapitalistak hiria ondare komun soziala, politiko eta bital bezala eraisteko joera du”. Hori dela eta “etxebizitza eta ingurugiro duin batean bizitzeko eskubidea aldarrikatzea iraultza orokor baten lehenengo etapa izan daiteke”. (David HARVEY, Ciudades rebeldes. Del derecho a la ciudad a la revolución urbana, Akal, Madrid, 2013, 125 eta 201 or.)
Errekaleorren kolokan jarri dute hiri neoliberalaren paradigma eta modu praktiko batean eskubideak, etxebizitzarena bezala, eskuratu dituzte, eta horretaz gain antolatzeko eta bizitzeko praktika alternatiboak daudela erakutsi dute. Horregatik Errekaleor arriskutsua da kapitalaren zaintzaileentzat. Argi mozketa lehen bataila izan da, baina gerra hasi besterik ez da, eta segur aski luzea izango da. Jokoan dagoena ez da bakarrik auzo eredu bat, hiri, eta oro har, gizarte eredu bat baizik; borroka hau ez da mugatzen Errekaleorren, baina auzoaren defentsa gizarte aldaketan sinesten dugunontzat lehentasuna izan behar da.
Eraso honen ostean Errekaleorreko komunitatea inoiz baino sendoago dago, erresistentzia antolatzeaz gainera eguzki plakei esker burujabetza energetikoaren bidean jorratzen hasi dira. Itxaropena eta etorkizunaren ikurrak Maialen izena du, bikote argentinar baten alaba jaioberria, Barroso familia bizi zen bloke berean bizi dena, iraganeko eta etorkizuneko borrokak leku honetan batzen dira, finean, hilzorian zegoen auzo baten biziberritzearen argia.
Jon Martinez Larrea – Historialaria
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!