“Erregea biluzik dago” -Koldo Alzola-
Tik-tak, tik-tak, tik-tak… Sailburua, bere despatxuko bakardadean, prentsa aurrean agertu eta dimisioa aurkezteko geratzen zaizkion orduak, edo akaso minutuak, zenbatzen ari da. Hilabeteak dira ustelkeria salaketetak ahalik eta hobekien, irakatsi zioten bezala, kudeatzen saiatzen ari dela. Hasieran ukatu egin zituen, gero salatariak gutxiesten saiatu zen, jarraian lan eskaintza publikorako azterketak errepikatzea proposatu zuen, geroago menpeko kate maila batzuen burua eskaini zuen herri xehearen justizia egarria asetu nahian… baina alferrik, azkenik iritsi zaio ordua. Eta dena bertan behera erori baino lehenagoko une horietan zera galdetzen dio bere buruari, zer demontre atera ote da gaizki?
Zerk demontre egingo zuen kale hamarkadetan zirrikiturik gabe funtzionatu duen sistema bat bat-batean hondoratzeko? Betidatik izan zen horrela, beti funtzionatu zuen, denak zeuden jakinaren gainean; eta inmorala zela bazekiten ere, inor ez zen inoiz ausartu zalantzan jartzera. Mediku espezialisten lanpostu banaketa eskaintza publikotik aparteko sistema bat zela bazekiten; mesede kate bat zela plazak banatzeko irizpide subjetiboa; lagunak, alderdikideak, edo menpeko leialak saritzeko bidea… denek zekiten eta denek onartu dute… orain arte. Zerk egin du huts?
Dena lotuta baino lotuago dagoela pentsatzen dugunean sistema blindatuena ere pitzatu dezakeen osagai batek hankaz gora jartzen digu txiringitoa: giza faktorea. Darponek ez zuen kontuan hartu, nonbait, ezin dela mundu guztia denbora guztian kontrolatu; batzuetan arima libre bat sortzen dela, dena delakoagatik, interes pertsonalaren aurrean irizpide etikoak lehenesten dituena; batzuetan zoro bat sortzen dela amankomunaren onura hobesten duena eta erregea biluzik dagoela esatera ausartzen dena.
Kaso honetan hiru izan dira, Arrasateko ospitaleko hiru anestesistak, hiru kamikazeak, sistemari mahuka hutsik aurre egin, eta Dabid eta Goliaten ipuinean bezala, sistemari koloreak atera dizkiotenak. Hiru heroi moderno horiek, euren ausardia larrutik ordaindu badute ere, irakaspen ederra utzi digute: Batzuetan, gutxitan baina batzuetan, sistema orok zirrikituak dauzka; eta nahikoa da giza faktorea sistema, ustez, apurtezin hori hankaz gora jartzeko. Gizatasun apurtxo bat geratzen zaigun artean, zorretan izango gara haiekin.
Koldo Alzola
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!