Ditxosozko COVID 19a, zorigaiztoko pandemia
…eta ez egunero entzuten ditugun kalteak eragiten dituelako, baizik eta gure artean, familietan, lagun taldetan, bilgune ezberdinetan eragiten ari den zatiketengatik.
Birusa bera eztabaidan jartzetik, honen hedapenarekin jarraituz, berari aurre egiteko moduak zalantzan jarriz, baliogarritasunak ukatzeraino batzutan…, eta gizartea eztabaida sutsutan bai ala ez, hau edo hori, inongo ezagutza zientifikorik gabe; eta edukita ere, ez gara eta ezin gara informazio guztiaren jabe izan.
Beraz, neurri oso handi batean jakitunek esaten digutena jaso, aztertu, logika erabili eta pentsatzeko eta ekiteko ditugun bitartekoez baliatuz gure ondorioak atera eta jardutea besterik ez zaigu gelditzen.
Baina ezin dena ahaztu, edonorren ustetan eta mundua mundo denetik, gizakia bertan dagoenetik, hainbat eta hainbat gaixotasun, birus, izurrite, pandemia… egon direla, daudela eta aurrerantzean ere egongo direla.
Hau jakiteko ez da asko ikasi behar,ez dago unibertsitatera joan beharrik. Zentzunez atzera begiratu, gaur arteko ibilbidea berregin eta “bingo”. Guk gizakiok urte luzeetan sortutako emaitza da, ukaezinezko emaitza, erreala: gaixo gaude, batzuk larri, beste batzuk zerraldo, elkarri pasatzen diogu gaixotasuna.
Eta ez dut inor ezagutzen kutsatu nahi duenik edota gaixotu eta ondoren osatu nahi ez duenik eta are gutxiago ZIU delakoan baldin badago, berdin zaio zer botika edo zer pozoi sartzen dioten baldin eta osatzen badute.
Gaixotasunari aurre hartzean dago gakoa eta hor kokatzen dut nik zientifiko eta jakintsuen lan erraldoia, miresgarria, ordainezina, nola lortu gaixotasuna ekiditzea, ez sendatzea baizik eta aurrea hartzea eta geldiaraztea.
Honetarako bide asko hartu daitezke, ez denak guztion gustukoak. Hemen gakoa.
Txertoak asmatzearekin batera, ezinbestekoak diren zenbait neurri anitz jarri behar izan dira indarrean, batzuk egokiak bilakatu direnak eta beste batzuk ez hainbeste. Frogatuz joan behar izan dira eta aldatuz.
Edozein kasutan, edonorri fede ona zein txarra kendu gabe, onartu behar dut izugarri zaila izan behar dela honelako garaietan agintari politiko zein sanitarioa izatea, erabat gogorra, bereziki jardun guztietan mamuak ikustera bideratuta gauden gizarte honetan.
Lourdes Uribarri
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!