Denbora agortzen ari da
Duela hamar bat urte, sindikatua hainbat foroetan ordezkatzea tokatu zitzaidan garaian, nahiko maiz heltzen nion datu bat bazegoen. Europan, garai hartan, baserri txiki bat desagertzen zen hiru minuturo.
Gogoan dut, baita, hitzaldiak datu honekin amaitu ohi nituela, “hemen, berbatan eta ezer egin barik, egon garen denboran”, esaten nuen, “hogei baserri txiki desagertu dira”. Bai, oso hitzaldi laburrak egiten nituen; eta bai, oso zakarra nintzen.
Denborak emandako perspektibarekin begiratu diot berriro datuari, eta beldurgarria izaten jarraitzen du. Logikaren kontrako erlojupekoa balitz, minutu oso bat galdu diogu erlojuari, eta orain bi minuturo desagertzen da ustiapen txiki bat.
Bereziki zaurgarriak bost hektarea baino gutxiagokoak, bereziki zaurgarriak emakumeak buru dituztenak. Bereziki zaurgarriak burura etortzen zaizkigunak kalitatezko elikagaien ekoizleengan pentsatzen dugunean.
Hala ere, ekoizpenak egonkor jarraitzen du, eta horrek esan nahi du ustiategi txiki horiek libre uzten dituzten espazioak agronegozioak hartzen dituela isil-isilik. Gure lurrak eta urak kutsatzen dituen agronegozioa, baserritarrik behar ez dituen agronegozioa, elikagaiak sortu baino, ez osasuntsuak eta ez nutritiboak diren jangarriak ekoizten duen agronegozioa. Hain justu burura datorkiguna, gure seme-alabak elikatzea nahi ez dugunarengan pentsatzean.
Eta nor da guzti honen erantzulea? Zerrenda luzea da, honen moduko hondamendia ez da sortzen gauetik egunera, baina ala ere ez da oso urrutira begiratu behar.
Europar Batasuna erantzulea da, diru-laguntzak integraziora bideratzen dituelako; laguntza horiek onartzen ditugun baserritarrok gara erantzule. Gasteizko Gobernua eta Aldundiak dira erantzuleak, diru-laguntza horien banaketak ematen dien boterea baliatzeagatik lehengo sektorean kontrol absolutua jesartzeko. Nire herriko udala erantzulea da, Udal Hiltegia itxi duelako horretarako inolako arrazoi objektiborik gabe. Hurrengo udal, foru, autonomiako eta estatu hauteskundeetan parte hartuko duten pertsona guztiak dira arduradunak, hona ekarri gaituzten betikoei emango badiete botoa. Eta gu guztiok gara erantzule baita, ez baitugu ulertzen elikadura gizarte-eredu basati neoliberal baten alde edo justizia sozialaren alde egun egunero aukeratzera behartzen gaituen ekintza politikoa dela.
Hau irakurtzen egon garen bitartean beste baserri txiki bat desagertu da. Sarraskia gelditzea gure esku ere badago. Zerbait egingo dugu?
Iñaki Urkixo
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!