“Burua galdu baino lehenago” -Mirari Ullibarri-
Nortasun agirian markatuta bi hamarkada besterik ez ditugun guztioi arraroa egiten zaigu zahartzaroaz hitz egitea, gure zimurrak oraindik informazio gutxi islatzen baitute, bizitako istorioak oraindik berriegiak baitira.
Hala ere, askok eta askok tarteka bizi dugu zahardadea, bigarren pasarteko protagonista ezkutuak baikara, bigarren mailako kaltetuak. Gure senideen begien bitartez, hamarkada horiek gainditzeko prest gauden arren, ezinezkoa zaigu haien soinean jartzea, ezinezkoa zaigu urteen zama guztiz ulertzea. Horregatik burua galdu baino lehenago, honakoa esan nahiko nizuke amama.
Txikitatik heroitzat izan zaitut, gaztaroan eskola utzi behar izan zenuen arren, bazenekien erosketak egiteko garaian, matematikak ahalbidetzen zizkizun gaitasun guztiak erabiltzen, pesetaz peseta produktu bakoitza kalkulatzen, pesetaz peseta baserriko ekonomia maneiatzen. Familia tradizional batean jaio izan arren, bazenekien garaietara moldatu beharra zegoela eta hortaz, zure burua ahaldundu behar zenuela.
Nire amamaren inguruan galdetu izan didaten bakoitzean nik burdinazkoa zinela esan diet, garaiezina, indartsua eta hauskaitza. Baina badirudi, denborak burdina herdoiltzen duela, badirudi denbora pitzadurak sorrarazten dituela.
Gogorra da, senideen ahuldura sumatzea, hezurren nekezia, memoriaren galera, mugikortasunaren urritzea eta nola ez, humanitatearen desagerpena.
Ba al dago zure esentzia ahaztea baino zigor handiagorik?
Ba al dago bizipenak desegitea baino kondena txarragorik?
Amona ugari daude munduan, baliteke aste pare batzuetan horietako askok hitz hauek ahaztea, baliteke iloba askok berba hauekin identifikatzea eta baliteke ere esentzia galduko dugun horiek, gaur egun eskuizkribu honen esanahia ez ulertzea.
Denbora badoa eta gu harekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!