Biolentzia, noren monopolio?
Hostel 2 pelikula ikusi duzuenak, agian, ez zaituzte harrituko hurrengo lerroetan idatziko dudanak. Egin
ez duzuenentzat, iritzi bat, ez du merezi. Nire bizitzan ikusi dudan pelikularik gorenetako bat izan da.
Zinemara gonbidatu ninduten orain dela hamar bat urte, eta oraindik gogoratzen dut nire izua etxerako
bueltan.
Hostel 1 ez dut ikusi eta ez dut egiteko inolako intentziorik, oso antzekoa da trama pelikula bietan.
Europa ekialdeko herrialde batera oporretan doazen gazte koadrilak bahitzen ditu mertzenario talde batek.
Bahitu aurretik, beraien argazkiak dirudunen sare birtual batean enkantean jartzen dituzte, eta dirudune gazteak erosten dituzte berain fantasia sadikoak errealitatea bihurtzeko asmoz. “Joku” honetan parte
hartzeko bi baldintza daude: gaztearen bizitza ordaintzeko dirua izatea, eta norbait erahiltzea.
Filme honetatik gehien izutu ninduena ez ziren izan eszena goreak, ondorioztatu nituen ideiak baizik.
Alde batetik, badakit, munduan hori existitzen dela. Eta dirua edota boterea dutenek besteen bizitzak
beraien sadismoa gauzatzeko erabiltzeko ahalmena dutela. Albisteen artean, denok izutzen gaituzten
istorioak ikusterik besterik ez dago, soilik icerbergen punta ikusten dugula jakiteko.
Bestetik, pelikularen argumentoan apur bat gehiago sakonduz, heldu nintzen pentsatzera sisteman
existitzen den biolentzia estrukturala eta nork pairatzen dituen honen ondorioak. Hau da, hastapenetatik
biolentoa izan den sistema kapitalista eta patriarkarraren heriotz guztiak gazte horien bizitzen nahitaezko
patuarekin parekatu zitezkeela. Azken mendeetan horrela izan bada ere, egun, munduan zehar miloika
pertsonen bizitzarekin bukatzen du ezarri diguten sistema kapitalistak: itsasoan itotzen diren migranteak; guda inperialistak akatzen dituen “zibilak”; biolentzia sexista dela medio, erahiltzen dituzten emakumeak eta haurrak; multinazionalek lapurtutako edo pozoitutako errekurtso naturalen faltak akabatzen dituen herriak; desauzioek eragindako suizidioak; goseteak hiltzen dituen izenik gabekoak; espetxeak agortzen dituen bizitzak; poliziak edota gudarosteek desagerrarazi dituzten militante eta aktibistak; lan asalariatuak aitzurtutako hilobiak… heriotzetaz ari gara solik eta amaigabea izan daiteke zerrenda. Sortzen duten miseria eta sufrimendu guztia gehituko bagenu ezingo genuke hau bukatu.
Baina errealitateak ez du hain argi erakusten biolentzia honen sorburua eta beraz, pairatzen dugunoi
honen aurrean defendatzeko zilegitasun ideologikoa lapurtu digute. Hostel 2-n gazte bat bizirik ateratzen
da, ordaindu ahal duelako eta bere hiltzailea izango zena akatzen duelako. Pelikulan, heriotza ekidin ahal
izateko diruduna izan behar zarela gogoratzen digute ere. Errealitatean, biolentzia estrukturala pairatzen
dugunok edozein motatako bide biolentoa deuseztatzera kondenatu gaituzte. Beraien boterea ez
galtzearren, gure bizitzaren etorkizunarekin jolasten dutenek, oinarrizko autodefentsa ukatu digute.
Hainbeste sufrimendu eragiten duen sistemarekin bukatu nahi badugu, biolentziaren monopolio
ideologikoa borrokatu behar dugu autodefentsa mota guztiak eraginkorrak izan daitezen.
Egin ditu bi aste testu hau idazten hasi nintzenetik. Aste honetan, ezin dut hau bukatu, nire elkartasun
osoa, Catalunya-n, Chile-n, Rojava-n, Libano-n, Ecuador-en, Colombia-n edota munduko edozein
txokotan askatasunaren alde autodefentsa praktikatzen ari direnei. Aupa zuek!
Itxaso Viñe
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!