Bete beharreko lege bati planto egitea betebehar zaigunean
Lerro hauek idatzi eta sinatzen ditugunok, Euskalgintzaren belaunaldi-aldaketaren testuinguruan batu garen 20 eta 26 urte arteko gazteak gara. Gure kasuan, euskararen borrokari ekarpena Euskal Herrian Euskarazetik egitea erabaki dugu.
Gutako bakoitzak, bizitako testuinguru zehatzak baldintatuta, bere bizipen eta motibazio pertsonalak izan ditugu euskaldun gisa gure hizkutzaren eta hiztun-komunitatearen alde aktibatu eta lan egiteko. Baina, denok, era batera ala bestera, sumatu dugu zerbait ez doala ongi: oraindik ere Euskal Herriko ikasleen zati handi batek A, B eta G ereduetan ikasten jarraitzen duela; geuk bezala D ereduan ikasi duten lagun askok eta askok ez dutela nahikoa motibazio -motibo- euskaraz aritzeko; hizkuntza gaitasuna ere oso urria dela orokorrean; erreferente faltaren eta kultur-transmisioaren gabezien ondorioz, geure burua ere gero eta hankamozago ikusten dugula euskaratik eta euskaraz aritzeko… Azken finean, (ez hain) pixkanaka, asimilatuago ikusten dugulako geure burua zein ingurua, hizkuntza eta kultura hegemonikoek geroz eta barne- zein kanpo-espazio gehiago hartzen dutela.
Argi dago hizkuntza minorizatu baten berreskuratze-prozesuan hezkuntza arautuak bakarrik ezin duela, baina funtsezko elementua dela argi ikusi da azken hamarkadetan. EHEtik duela urte dezente, indarrean ditugun hezkuntza-sistemek euskalduntzen ez dutela ohartarazi zenetik hona, ditugun gabeziak nabarmenagoak dira urtez urte. Hizkuntza politiketan (hezkuntza barne) jauzi baten beharra aldarrikatu zen orduan eta pixkanaka Euskalgintza osoa batu da diagnostiko horretara.
Kasu honetan, hiru probintzitako Hekuntza Legearen eztabaida piztu zenetik, Euskalgintzaren Kontseiluak lortu du hezkuntza-komunitatearen gehiengo zabala ordezkatzen duten eragile eta sindikatuak batzea, hiru ardatz nagusiren baitan: euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa; euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma; eta hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.
EHEtik, aldarrikapen horiekin bat egiteaz gain, geure partetik, hezkuntzak euskalduntzeko behar dituen, eta beraz, lege honek jaso beharko lituzkeen 10 proposamen jarri genituen mahai gainean.
Adostasun sozial zabala lortu da bai, baina maila instituzionaletik datorkiguna guztiz kontrakoa da: dugun egoerari erantzutetik oso urrun, berreuskalduntze prozesuan bizi dugun krisian sakontzeko baldintzak sortuko dituen legea. Euskalgintza osoari zein hezkuntza komunitateari bizkar ematen ari zaizkigu Lege hau proposatzen ari diren alderdiek, EAJ eta PSEk. Onartezina da Euskalgintzatik hainbeste urtetan borrokatutakoari entzungor eginez eta geure aldarrikapenak mespretxatuz aurkeztu diguten legea aurrera ateratzea. Eta onartezina, aldi berean, euskaldunon aurkako oldarraldiaren kontrako manifestazioan gure pankarta bera eusten zuten horiek, euskararen aurkakoa de lege hau proposatzea. Testuingurua kontuan hartuta, geuk behintzat, lege hau oldarraldiaren baitan kokatzen dugu argi eta garbi.
Horregatik guztiagatik, kezkaz bizi dugu, gai honen garrantzia kontuan izanda, orain arte Euskalgintzatik egon den erantzun falta, edo gutxienez, erantzunaren apaltasuna. Gure ustez, euskaltzale guztiok eta Euskalgintzak PLANTO (bai, hizki larriz) egin behar diogu lege honi, izan ere, irain honen aurrean erantzun sendorik eman ezean, berriz ere gutxietsiko dituzte gerora lortuko ditugun balizko adostasun zabal berriak. Ezin diogu geure burari isiltasunetik edo tonu apalean erantzuten utzi. Lege honi ezezko borobila ematea, planto egitea, euskalgintzaren eta euskaltzaleon betebeharra dela ulertzen dugu.
Ez dira besoak gurutzatuta egoteko garaiak. Galtzen ari garena berreskuratzeko, indartzeko eta eremu berrietara zabaltzeko garaia da. Eta hori, soilik, ekinez lortuko dugu. “Gazte gara gazte eta ez gaude konforme” izan zen zuetako batzuen belaunaldiaren leloa. Bada, geure ere egiten dugu, baina argi dago, gazteok bakarrik ezin dugu eta orain arte noizbait gazte izan zareten guztiok ere behar zaituztegu. 36 urte barru, Euskalgintzan hasiko diren gazteek gaur aldarrikatzen ari garen gauza bera eta duela 36 urte eskatzen zenuten gauza bera berriz ere errepikatu behar ez dezaten.
Hortaz, dei egiten dizuegu euskaltzale zein Euskalgintzako eragile guztiei datorren ostegunean, hilaren 21ean, goizeko 9:00etan Gasteizko Legebiltzarraren parean eginen dugun protesta ekintzan gurekin bat egin dezazuen. Guztiok batera, Hezkuntza Lege honi planto egin eta behar dugun Hezkuntza Euskalduna aldarrikatu dezagun.
Sugoi Etxarri Zabaleta, Luken Etxabe Aizpuru, Irati Areitio Sopelana eta Intza Gurrutxaga Loidi (EHEko kideak)
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!