Berehalako gratifikazioaren diktadura: fustrazioarekiko tolerantziarik gabeko haurrak hezten ari gara?
-
Ainhoa Astigarraga: Berehalako gratifikazioaren diktadura: fustrazioarekiko tolerantziarik gabeko haurrak hezten ari gara?00:04:50
Orain egun gutxi, supermerkatuan nengoela, alarmak piztu zizkidan egoera bat ikusi nuen, 7 bat hilabete zituen umetxo bat txupetea ahoan eta amaren sakelekoa eskuan zeukala, ixil-ixilik pantailari begiradarik kendu gabe zihoan amak erosketak egiten zituen bitartean. Beste egun batean, goizeko 8:45 aldera zortzi bat urteko neskatoa telefonoari begira zihoan burua altxatu gabe aitarekin batera eskolarako bidean. Eta eguneroko ogi bihurtu zaigu ikasleak goizetan logure izatea gauean ordu txikiak arte telefonoarekin jolasten ibili direlako.
Egoera horiek aurrekoan irakurri nuen albistea gogorarazten didate, antza pediatrak geroz eta kezkatuago daude haur txikiengan hizkuntza nahasmendu eta autismo espektroaren barruan kokatu daitezkeen diagnostikoek gora egin baitute eta sumatzen da pantailek eragin handia izan dezaketela. Horrek guztiak gaur egungo hazkuntzari buruz hausnartzera ekarri nau. Gure seme-alaben ondoeza edo gure lan-karga saihesteko modu erraz gisa erabiltzen ari ote gara pantailak, horrek epe luzera garapenean, trebetasun sozialetan, komunikatzeko gaitasunean eta osasunean, esaterako, eragin dezakeen kalteaz ohartu gabe?
Ez naiz ni ama eredugarria, nork ez ditu momentu batean edo beste haurrak entretenitu mugikorra luzatuta lagunekin terraza batean edo jantetxe batean gauden bitartean. Ez dut esango haur eta gaztetxoak etengabeko fustrazioan hezi behar ditugunik, baina fustrazioa bera norberaren garapenerako funtsezkoa den emozio natural eta ezinbestekoa dela deritzot, bai arazoak konpontzeko baita tolentziarako ere, besteak beste, trebetasunak garatzen ahalbidetzen duelako. Eta azken bolandan uneoro fustrazioa saihesten gabiltzala iruditzen zait.
Pantailek eta mugikorrek berehalako saria eskaintzen dute, haurrei frustrazioa sentitzea eta hori kudeatzen ikastea eragotzi dezakete gehiegi eta goizegi erabiltzen ohituz gero. Eta horrek guztiak, nola ez, jokabide-arazoak, frustrazioarekiko tolerantzia txikia eta gizarte-harremanetarako zailtasunak eragin ditzake. Ulergarria da egungo gizartean, berriz, bizi-erritmo bizkorrean eta etengabeko eskakizunekin, gurasoek pantailetan “ihesbide” bat topatzea edo seme-alabekin gatazkarik ez izateko bidea…
Horrelako egoerak kezkaz bizi ditut ezagutzen ditudan ikasle ugari burura datozkidanean, txikitatik sakelekoa poltsikoan eskolara etortzen direnak, mugak jarri ez zaizkienak, orduak eta orduak bakarrik ematen dituztenak gurasoak lanean dauden bitartean bideojokoetan jolasten eta bakarrik egon ez arren gutxitan ezezko bat jaso dutenak. Ondorioz bere Nian zentratuta bizi direnak, askotan infantilizatuta eta irakasleak eskatutakoekin flipatzen eta, alderantziz, irakaslea ikasleek naturaltzat dituzten jokaerekin flipatzen.
Behin portaera eskasa zuen ikasle baten aitarekin izan nuen elkarrizketarekin amaituko dut: “semeari ordenagailu berria erosi diot etxerako lanak ez egiteko aitzakiarik izan ez dezan”. Zure semeak ez du behar zuri horrenbeste kostatu zaizun ordenagailu berria erostea, mila bider eskatu arren ez du gabonetan oparitutako patinete elektrikoa behar, ez du mugikorra gainean eramatea behar. Seme-alabek gurasoak behar dituzte, haiekin egotea, hitz egitea, aire zabalean jolastea, paseatzea, aspertzea, gainean egotea, zer jaten duen eta nola janzten den eskolara joateko behatzea, etxerako lanak dituen kontrolatzea… horrelakoak esan nahi nizkion baina nire burua kontrolatu eta xamurtasunez erdia edo esaten ausartu nintzen.
Eustea eta ezetz esatea askotan maitasun ekintza bat da.
Ainhoa Astigarraga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!