Balore kontua
Badirudi bere burua ezkertiartzat duten lagun batzuk azken boladan urduri eta lekuz kanpo ari direla jartzen zenbait eztabaidari ekiteko orduan. Ez da gauza berria, beti egon dira eztabaida sutsuak ezkerraren baitan, eta bati baino gehiagori berotu zaio muturra, edo bor-bor jarri zaizkio garuneko neuronak.
Gainera, gaur egun, berehalako hausnarketa txatxuak botatzen dira tupustean Twitter moduko sareetan, eta sekulako astakeriak idatzi izan dira sare sozial horretan, zenbaitzuetan norberaren burua isilarazterainoko damuaz. Izan da bere kontua itxi duenik esandakoaz erabat lotsatuta.
Baina duela urte batzuetara arte, ika-mikak ñabardura kontuak izaten ziren sarri, ez ziren kolokan jartzen ezkerraren ildo ideologiko nagusiak edo oinarri garrantzitsuenak, ezkerrari berezko zaizkion elkartasun eta berdintasun baloreak beti aurretik jartzen ziren, mugiezin.
Zoritxarrez, azken boladan, ustezko ezkerraren baitan sektarismo, dogmatismo eta nahasmendu ugari dakusat arerio politikoak aukeratzerako orduan, baita eztabaida politikoan sortzen diren aurrez aurrekoak izaterako unean ere.
Gazte neo-komunisten artean dakusat, zenbait eztabaida feministetan ere bai; eta baita azken astean ezker abertzalean historikoa den editore batek sinatutako migrazioaren inguruko artikulu lotsagarrian ere.
Garbi dago mundua hankaz gora dagoela, arazo handiak nonahi daudela, baina mesedez, ikas dezagun aurretik egindako akatsetatik eta euts diezaiegun pertsona berdinzale, solidario eta abegikor egiten gaituen baloreei. Hori da gutxieneko erronka.
Badugu nor eta zer kritikatu, badago zeri egin aurre eta egurra eman: krisi garai latz hauetan euren irabaziak etengabe handitzen ari diren horiei zuzendu beharko genizkieke gure irainak, eta haien aurka borrokatu.
Gure pribilegio txikiek ez gaitzaten nahastu, itsutu, eta defenda ditzagun oinarrizko balore iraultzaileak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!