Atzoko eta gaurko kontakizunak
Martxoak 3 ditu gaur, oroimenerako eguna Gasteizen. Azken 46 urteotan bezala kalera aterako gara hiri honetako zauri historiko lazgarrienetako batek irekita dirauela erakusteko. Niretzat bizitza oso bat. Errege godoak, Rodrigo Diaz de Vivarren ezpata Tizona zela eta Trafalgarko bataila bai, horiek guztiak ikasarazi zizkiguten eskolan, baina ez zigun inork kontatu, ez genuen inongo testu liburutan irakurri, gure hirian bertan estatuko aparatuek ordura arte ezagutu gabeko herri mugimendu askatzaile, iraultzaile eta autonomo masibo bat su eta odolez isilarazi nahi izan zutela, eta horretarako milaka lagunen kontra bidali zutela euren polizia armatua, eta bost lagun hil eta ehundaka zauritu zituztela, eta gaur egun arte sarraski horren erantzukizuna argitu gabe dagoela. Ez ziguten eskolan kontatu, ez, baina jakin izan dugu oroimen historiko kolektiboari eusten, belaunaldiz belaunaldi. Eta zauri hura herriaren gogoan bizi-bizirik izanagatik, ez du lekurik kontakizun historiko ofizialean, ez eskola kurrikulumean, ez diru publikoz eraikitako mausoleoetan. Baina, hala ere, jendeak temati gogoratzen jarraitzen du, gogoratzen duen bezala martxoaren 3ko sarraskirako tokirik ez duen oroimen partzial eta desitxuratutako museoko balkoi horretatik bertatik eskolako liburuetako pertsonaia horietako batek, Millan Astrayk, gasteiztar errepublikazaleen aurkako ehiza hauspotu egin zuela. Gogoratzen dugu, oroimenak oraindik ez digulako huts egiten, eta herriaren historiak ez dutelako kontatzen bertsio ofizialaren kontalariek, herriak berak idazten du.
Ukrainan historia garaikidearen atal berri bat idazten ari den egun hauetan ez da garai txarra gogora ekartzeko kontakizun hegemonikoa irabazleek erredaktatzen dutela beti, eta begirada kritiko eta mesfidatiz begiratu behar zaiola; areago bestelako ikuspegiak, akaso ez itsu-itsuan sinetsi beharrekoak baina bai bestelakoak, isilarazten dizkigutenean. Izan ere, gure eskarmentuak erakutsi digun bezala, gaur ere herrien historia herriek idatziko baitute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!