“Asteazkeneko gertaeren harira” -Gasteizko Kanpuseko ikasle mugimendua-
Gasteizko Kanpuseko ikasleek mobilizazioa egin zuten apirilaren 18an, astezkenean, Altsasuko gazteen aurkako epaiketa salatzeko. Ertzaintza ikasleen aurka oldartu zen eta hau da atera duten idazkia.
Asteazken honetan Gasteizko Ikasle Mugimenduak Kanpusean mobilizazioa deitu dugu, 520 egun espetxean daramatzaten Adur Ramirez, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanzekiko, eta baita auziperatuta dauden beste gazteekiko elkartasuna adierazteko eta zentzugabeko gertakari hau salatzeko.
Terrorismo delitua aitzakiatzat hartuta, aste honetan epaitzen ari diren zortzi gazteetako seiri 50 urteko espetxe zigorra eskatzen diete, bati 62 urte eta azkenekoari 12 urte eta erdi, orain dela bi urte taberna batean gertatu zen liskar batengatik. Horren aurrean, Gasteizko Ikasle Mugimendua Euskal Herriko mugimendu sozialaren parte izanik, honen aurka altxatu gara, jakinik zirko guzti hau muntai politiko mediatiko bat dela, eta helburu bakarra Espainiar Estatuaren eta hau
kontrolatzen duen burgesiaren aurka altxatzen direnen artean beldurra zabaltzea dela.Hala ere, kasu honen erdigunean jarri behar duguna beldur hau zabaltzeko erabiltzen duten arma da: Estatuak gu zapaltzeko erabiltzen dituen indar polizialak; izan guardia zibila, polizia forala edo Ertzaintza. Estatuak argi utzi behar du bere biolentzia aplikatzen duten txakurren aurka zerbait egiten denean, bere indar guztia erabiliko duela gu kikiltzeko, izan indar okupatzaileak gure lurraldetik botatzeko ekimenak egiten ditugunean, edota bere txakurrak ukitzen ditugunean.Hau guztia salatzeko helburuarekin asteazkenean mobilizazio bat deitu dugu Gasteizko Ikasle Mugimenduak.
Goizetik presentzia polizial handia izan da, sekreta asko kideen atzetik ibili direlarik. Goiza aurrera joan ahala Ertzaintzaren kotxeak ugaritu dira Kanpusean, gainera mobilizazioa deitu baino ordu bat lehenago fula bat sartu da UPVren eremura, mobilizazioa hasi behar zen lekutik metro gutxira. Mobilizazioa hasi bezain laster, Ertzaintza ikasleen aurka oldartu da, pankartako kide bat atzemanez eta hura babesten saiatu direnak erasotuz. Horren ondoren, mobilizazioak aurrera egin du nahiz eta indar polizialen presentzia ez den gutxitu, ekimen guztian zehar ikasleoi jarraipena eginez.Mobilizazioa amaitu denean, Ertzaintzak, hasieran sortu dituen istiluekin nahikoa ez eta, beste kide batzuk atzematen saiatu da.
Haien artean, bi kide identifikatu dituzte segada baten bidez eta inguruan zebiltzan kalez jantzitako polizien laguntzaz. Kide bati manifestazioa grabatzeagatik Mozal Legea aplikatuko diotela, eta besteari mobilizazioaren ardura duela jarri diete aitzakiatzat. Aipatzekoa da identifikazioak ematen ari ziren bitartean txakurrek izan duten harropuzkeria, besteak beste, Iñigo Cabacasen erailketa leporatu zaienean barre eginez.Idatzi honen bitartez gertaera hau salatu nahi dugu Gasteizko Ikasle Mugimenduak. Ikasleok ez dugu behar baimenik gure aldarrikapenak kalera ateratzeko, gutxiago UPV edota beste inolako instituzioen aldetik emandakoa, kaleak gureak direlako eta aldarriz beteko ditugulako, orain arte egin dugun bezala.
Gainera gertaera hauekin garbi geratu da zein den UPVk eta Eusko Jaurlaritzak duten papera, Ikasle Mugimenduarekin amaitu nahi dute eta horretarako beraien eskutan dagoen guztia egingo dute, izan Altsasuko gazteen aldeko dinamikak edota beste edozein ekimen. Garbi daukagu “ikasleon parte-hartzea nahi duen UPV” Ertzaintzarekin elkarlanean ibili dela goizetik, fakultateetara sartzen utziz eta beraiekin hitz eginez.Horren guztiaren aurrean, Ikasle Mugimenduak lanean jarraituko dugula adierazi nahi dugu, edozein izanik datorren eraso errepresiboa, gure elkartasunak ez duelako mugarik.Altsasuko gazteei gertatzen ari zaiena salatzeko biderik egokiena gure lanarekin aurrera jarraitzea da, elkartasun keinuak eginez eta komunean dugun etsaia deuseztatzen jarraituz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!