“Aspermina” -Blanca Urgell-
“Haurtzarotik, zer botatzen duzu faltan?” galdera topikoa egingo balidate, lehen lekuan ez nituzke aipatuko orduko lagunak, orduko joku eta jostailuak, orduko sasoia eta malgutasuna, ez zirenak inoiz oso handiak izan, baina oraingoekin konparatuta handiak iruditzen zaizkidanak. Ezta familiaren lehen kotxea, pasteleroa tarta eskuan erakusten zuen kolore ñabarreko “bi zaldiko” hura, hala lan egiteko nola txangoan ibiltzeko ere erabili behar genuena. Ezta ere —eta hau handia da gero!— anaiarekin jolasean eman nituen ordu ederrak, oroimenak ematen didana baino are sarriago zartakoka bukatu bide zirenak. Ezta aitaren izterrari helduta munduari behe-behetik begiratzeko neukan ohitura, amaren umetokitik aurrera izan dudan babesleku ziur eta goxoena. —Eta hemen Etxepareren bertsoa datorkit gogora: harzaz orhit nadinian, bihotza doat ebaki—.
Ez, ez. Horietako bakar bat ere ez nuke lehen lekuan aipatuko, aspertzeko aukera baizik. Horixe berreskuratuko nuke, ahal izanez gero. Anaiak “Zertara jolastuko gara?” ordu laurdenean behin esaten zidan une astun haiek. Bazkalostea afalaurreraino sofan botata telebistako kate bakarrari begira emandako igande arratsalde aspergarriak. Besaulki berde haietan Blytonen Bostak-en liburuak irakurtzen igarotako ordu amaiezinak, eurek jengibre pastela jaten zuten bakoitzean nik gaileta poltsa despentsatik hartzeko bakarrik etenak. Erlojuari begiratu eta ordubete ere joan ez dela jakitea, arnegatuta. Komuneko sapaia fregonarekin garbi nezakeen saiatzea, gaitzerdi ezer txarrik egin gabe. Burua astun, gorputza sorgortuxe, arima ilun ere bukatu arren, halako orduetara itzuli nahi nuke egun erdi batez baino ez balitz ere.
Orduak egun, egunak aste eta asteak luze gertatzen ziren orduan. Ez zen pelikularik, etxeko lanik, libururik, egitekorik, bisitarik, jolasik, ez bidaiarik, aurrean neukan denbora osoa betetzeko lain zenik. Orain, aldiz, gosaldu orduko afaltzeko ordua dator, ordenagailua ireki orduko semearen bila joan beharra daukat, eskola hasi orduko amaitu behar dudala ohartzen naiz, astelehena igaro eta —ez jakin nola— igande goizean nago, egin nahi nuenaren erdia ere amaitu gabe. Orain, urtea hasi eta instant batean bukatu egiten da. Udazkena dator urtarrilaren ondoan eta amak larogei urte bete ditu nik zenbat beteko ditudan gogoratzeko asmo maltzurrarekin.
Egun batzuetan, benetan, aspermina daukat.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!